urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kataluniatik Espainiara

2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Sarritan ekarri ditugu Salva Cardus-ekin Donostiako hitzaldi hartan burlaizez esandakoak: guk huts eginda ere, Espainiak ez digu hutsik egingo. Ilusio handiko sasoi haiek ez daude hain urrun ere, baina, inguruan nabari den etsipenarekin alderatuta, beste mende batekoak dirudite.

Ezin da uka Kataluniako prozesua oso higatuta dagoela; hain ondorio larririk ez balu, preso eta iheslariekin, orria pasatu eta aro berri bati ekin gurako lioke batek baino gehiagok. Udal hauteskundeen ostean ERCk hainbat itun egin ditu ezker unionistarekin historikoki CiUk agindu duen udalerri batzuetako agintealortzeko, eta, trukean, errematea Bartzelonako Diputazioan gertatu da, Junts Per Catalunyak PSCrekin akordioa egin eta presidentetza eman baitio.

2013ko manifestazio jendetsuen prozesuan behin eta berriz ikusi denez, kaleko ekinak eta ilusioak alderdikeriaren logika zatitzailearekin egin du topo behin eta berriro. Urteotan, ANCk jakin du akuilu rol garrantzitsu hori jokatzen durduzadura uneetan, eta lokailu izaten mesfidantza nagusitzen izan denean. 2017ko errepresioak alderdiei bezainbat erasan die gizarte mugimenduei, horratik, Elisenda Paluzie ANCko buruak berriki aitortu bezala. Azken egunotan izan da Diadarako manifestazioa ere kritikatu duen independentistarik, ohiko ekintza koloretsuetatik haratago joan behar dela eta estatuari presio egin behar zaiola nabarmenduta (Xavier Diezek Hong Kong-eko protestei erreparatu eta ekintza eraginkorrak egitea proposatu du, mugak edo Estatuaren eraikin garrantzitsuak inguratuz manifestariek). Paluziek berak asteon idatzi du artikulu bat orain arteko eskemari eustea defendatzen. Ordurako espero da buruzagi independentisten aurkako epaia, eta mundu guztiak uste du espetxe-zigor gogorrak izango direla. Horren zain egon gabe ere zelan jokatu asmatu beharra da gakoa. «ANC berriz asmatu behar da», zioen atzo Antonio Baños CUPeko diputatu ohiak: «Hausnarketa egin behar da ideia baten alde sortu zen ANC hari buruz, orain ideia baten eta pertsona batzuen alde egin behar baitu, ez ideiaren alde soilik. Lehen pedagogia zen hori orain beste mota bateko borroka bat da. Berriz diseinatu behar da lana, berriz pentsatu ANC, dimentsio berri bat eman. Kideek ere badakite hori, eta lanean ari dira».

Estatu zuhur eta inteligente batek independentismoaren ageriko neke horri probetxua ateratzen asmatuko luke, kostu handiegirik gabe auzia urte batzuetarako apalera eraman daitekeelakoan. Kanadak aspaldi bere egin zuena onartzea falta zaio Espainiari: politika etengabe mugitzen den eremua izanik, Katalunia edo Euskal Herriko auziak urte batzuetarako bideratzea izan daitekeela lor dezakeen gehiena, belaunaldi berriek eta aro berriek auzi berritzea ekarriko baitute. Bizikletan ibiltzearen logika demokratikoa, ziostan kanadar adiskide batek: ezegonkorra izan daiteke, baina, pedalak emateari utzitakoan, txirringatik jausi egiten zara.

Espainiako Gobernua ezin osatzeak Kataluniako etsipenaren balantza orekatzen zuen neurri batean. Europako tentsioen aldean —brexit-a, Salviniren Italia eta Visegrad-eko taldearen jarrera oldarkorra migrazioarekin— estatu handiek interes berezia dute Espainiaren egonkortasunean. Macronen karta jokatu zuen Pedro Sanchezek, baina, Ciudadanos gero eta eskuinerago lerratuta eta Pablo Iglesiasek azken unean bazterrera egiten asmatuta, ezkerreko gobernuaren bidea landu beharko du. «Beharko» diogu, kanpainako tonu ezkertiarretik nabarmen urrundu baita Sanchez, zer esanik ez Kataluniako auziari konponbide politiko bat emateko borondatetik —harro gogorarazi du 155. artikuluaren aplikazioa—; nahiago zukeen berriz hauteskundeetara jo, ziur aski. Baina, ondo bidean, lehen aldiz koalizio gobernu bat izango da Madrilen, Europaren interesekin neurri batean talka egiten, eta askoz neurri handiagoan Espainiako deep state edo estatu sakona osatzen duten botereekin: eskuin muturrak beti ditu eskueran epaile otzanak,Katalunian edo bestelako gai garrantzitsuren batean Espainiako Gobernua ezertara ausartzen bada.

Ikusiko da datozen orduetan eta bihar-etziko inbestiduran korapiloa askatzen hasten den. ERCk keinu ugari egin dizkie, independentista bat baino gehiago amorrarazteraino. Etairailean ere urte politikoa tentsioz beteta hasiko da. Ondo pentsatuta, euskal presoekin ditu ziur aski urratsik errazenak, erakunde ultrak haserretuta ere. Aukera paregabea dauka Espainiak, baina uzkur izateko motibo ugari daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.