urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Errusiako beste jokalekuak

2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da gizonezkoen Munduko futbol Kopa. Europako lau taldek izango dute jokoan nor lehiatuko den gaur zortzi Moskuko final handian, eta nor geldituko den askorentzat partida tristeena den hirugarren eta laugarren lekua ebazteko lehian San Petersburgon.

Jekaterinburg, Kazan, Sotxi, Saransk, Kaliningrad, Nizhni Novgorod, Samara, Volgograd eta Rostov izan dira gainontzeko jokalekuak. Konigsberg prusiarra izandakoa bata, Stalingrad zaharra bestea, Gorki handiaren jaioterria hurrena. Badira, alabaina, aurpegi ilunagoa ageri duten hiriak. Sotxi esanguratsuena, zirkasiar nazioaren arragoa baita Vladimir Putin Errusiako presidentearen hiri kuttuna.

2014ko Neguko Olinpiar Jokoak tsarraren konkistaren eta zirkasiarren genozidioaren150. urteurrenarekin bat etorri ziren: eskualdeak zituen biztanleen %90 galdu zituen 1864 hartan, eta oraindik ere gogorarazten dute urtero maiatzean, bai Itsaso Beltzaren ertzean, bai Ekialde Hurbileko diaspora jendetsuan. Olinpiar Jokoekin auzi historikoa itxi eta Kaukasoren errusiartasuna azpimarratu gura izan bazen, Siriako gerrak horren aurka jokatu du, eta Moskuren joko bikoitza agerian utzi: teknikoki, zirkasiar zein errusiarrek jihadisten aurka borrokatuta ere, Kremlinek ia ezinezko bihurtu du arbasoen lurraldera «itzultzeko» gogoa duten Ekialde Hurbileko zirkasiarren lekualdatzea.

Antigoaleko kontuak direla pentsa liteke, Errusiak barne mehatxurik izatekotan Kaukaso ekialdean izan duelakoan, ez mendebalde subtropikal eta turistikoan; zirkasiar abertzaletasuna hawaiiar mugimendua bezain exotikoa izan liteke hala, Moskuren edo Washingtonen begietara. «Hemen inguruko toponimo guztiak zirkasieraz dira, baina ia ez dago zirkasiarrik; bertakoak hil edo kanporatu, eta lekuok zer esan nahi duten ez dakiten kanpotarrez bete ziren», ziostan lagun batek Sotxin.

Baina gero bada Kazan. Tartariar errepublikako hiriburua eta Errusiako hiri handienetakoa da, baina Txetxeniaren bide bertsua hartu zuen Sobietar Batasuna desagertzean, independentzia-aldarrikapen eta guzti, azkenean Errusiako Federazioarekin negoziatutako estatusa onetsi bazuten ere. Urrun dira errepublikek egiazko nazio aitorpena zekarten eta horrekin haien hizkuntzetan bizitzeko eskubidea aitortzen zitzaien sasoia —orduan ere, estatu handi guztietan legez, errusiartzea etengabea izan arren—. Aspaldikoa da errusiar nazionalismoaren igoera, eta iaz Moskuk uko egin zion Tartariar Errepublikaren estatus berezia zehazten zuen ituna berritzeari. Urte amaieran, berriz, hitzez zehaztu zuen Vladimir Putinek errusiartze horren oinarrietako bat: «Onartezina da inori ama-hizkuntza ez duen hizkuntza bat ikasaraztea, eta onartezina da halaber errusierazko eskola-orduak murriztea. Oso adi nago gai horrekin». Bistan da esaldian ama-hizkuntza errusiera dutenak baino ez zituela gogoan; haiei bizi diren errepublikako hizkuntza irakastea inposizioa omen —zeinen ezaguna zaizkigun argudio horiek—, baina era berean, errusierazko eskola-orduak bermatu beharra dago, ama-hizkuntza bestelako hizkuntza bat baldin badute ere.

Azaro amaierarako fiskal nagusiaren txostena eginda zegoen, eta futbol kopa hasteko bezperan egin zuen lehen tramitea Duman, ordura arte errepublika nazionalek kurrikulumean zeuzkaten hizkuntzak ez zitezen aurrerantzean derrigorrezko izan. Horrelakoetan ohi denez, Tartaria eta beste zenbait errepublikatako gutun bat agertu da legearen alde, hizkuntza indigenak irakastea «Errusiaren segurtasun eta batasunerako mehatxua» dela argudiatzen. Baina Putinek ondo zekien zeri buruz ziharduen iazko azaroko hitzaldian. Mari-El errepublikan egin zituen adierazpenak, errusiar uniformizazioa eta bertako hizkuntzaren jazarpena gehientsuen sufritu duen Volga ertzeko errepublikan: haur-eskolak errusieraz dira orain, bideko seinale elebidunen lekua errusierazkoek hartu dute, eta 2002ko zentsutik 2010ekora mari hiztunen kopurua 254 milatik 204 milara jaitsi zen.

Txapelketa hartu duen hiri txikiena Saransk da. Mordovia Arenak finlandiar eta estoniarren ahaide diren herri fino-ugriarraren errepublikatik hartzen du izena. Bertako biztanleek mokxa eta erzya elkarren antzeko bi hizkuntza egiten dituzte, eta, azaleko kristautasunaren azpian, paganismoak indar handia dauka oraindik. Mordovian legez, fino-ugriarrak dira mariak ere, eta ez dute tartariarrek besteko indarrik —tartariera Errusiako bigarren hizkuntza da, bost milioi hiztun ditu gutxienez, eta babesa gainontzeko turkiar errepubliken artean ere, bai Errusian, bai Asia Erdialdean zein Turkian—. Mari-El hizkuntza indigenak txikitzeko laborategia izan da azken urteotan, eta esperimentua herrialde guztira zabaltzeko unea iritsi da nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.