urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Saudi Arabia jo

2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Munduak aztoratuta ikusi ditu Arabia aldeko azken gertaerak. Lehen ere drone bidezko erasorik egin izan dute matxino huthi yemendarrek Saudi Arabian, baina munduko findegi handiena jotzea beste liga batean jokatzea da. Erasoak ekoizpenaren erdia hondatu zion Riadi; munduko ehun upeletik hamarri kalte egin zien —bost, saudien azken jakinarazpenen arabera, giroa baretzea ere findegia konpontzea bezain garrantzitsua baita—. Astelehen goizean gora bideari ekin zion Brent upelak, eta mundu guztia urduri dabil: eskualdeko gerra zena proxy-gatazka bihurtua zen aspaldion, baina jauzi kualitatibo honek gaian busti nahi ez zutenei ere erasan die.

Marka da ia inori axola gabe milaka zibil hil diren gatazkan—gobernuen erreakziorik ez, hedabideetan ere oihartzun txikia, gosetearen irudiak zabaldu zirenera arte batez ere—, herritarren biziaz inolako ardurarik gabe bonbardatu duten gerra horretan, findegi bati egindako erasoak piztu izana haserrerik handiena. Eta esango nuke horrek ere ekarri dituela potentzia handien gaitzespen eta salaketen bazterretik sumatzen diren sinpatiak. Saudi Arabiaren harropuzkeria kriminalari matxino talde batek horrelako kaltea egitea ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Umiliagarriegia, Riaden botere ekonomiko zein militarrerako.

Horregatik bakarrik, ulergarria da erasoaren erantzukizuna Teherani egoztea. Ez da aski esatea Iranek huthi matxinoak babesten edo armatzen dituela, hori hala izanda ere lotsagarria litzatekeelako Riadentzat. Eta mundu guztiak ulertuko lukeelako egunik egun bonbardatzen eta dozenaka zibil hiltzen dituzun herrialdetik datorren erantzuna. Aldiz, Persiar golkoaren beste aldetik aireratu eta zuzenean zure instalazioak jotzen dituzten aire eraso bezala erakutsita, gauzak asko aldatzen dira. Zuk Yemen bonbardatzea gauza bat da; Iranek zu bonbardatzea, beste bat, nonbait.

Hortik aurrera etorri den propaganda gerran, ezer gutxi sinestea, onena; erasorako erabilitako droneen ezaugarri teknikoei buruz, esaterako. XXI. mende hasieran Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta, batez ere, Israel izan dira militarki droneak zerabiltzaten bakarrak. Hamabost urte beranduago, Siriako gerran Estatu Islamikoaren aurka jo duten eragile gehienek erabili dituzte: Errusiak, Iranek eta, zelan ez, AEBek; nork bere ekoizpen propioz eginak —eta ezin ahaztu Txinako produkzioa ere sartu dela droneen azokan—. Turkiaren droneak ere erabili dira Sirian, baina ez jihadisten aurka, kurduei eraso egiteko baizik.

Siriakoaren itzalean, ia oihartzunik gabe gertatu dira Yemengo sarraskiak; noizean behin bonbardaketa baten irudiak edo gosetearen ondorioak ikusi, eta beste zerbaitera jo dute hedabideek. Kolera XXI. mendean berpizten ikusi dugu, hesteei eutsi ezinik deshidratatzen eta hiltzen ziren umeak. Denek genekien nondik zetozen bonbardaketak, nondik aireratzen ziren hegazkinak, nork saltzen zizkien armak, nork setiatzen zituen herriak, goseak eta kolerak herritarzibilak hil arte; baina gehienez piztu dena kexa txikiren bat izan da.

Huthien garaipenaren ondotik ikasi zuten askok sunismotik urrundutako eta xiismoarekin lotura zuten islam berezi baten jarraitzaileak zirela. Hortikhasi ziren Teheranekiko loturak izatearen lehen salaketak.Urteak joan, eta azkenean bai,proxy-gerra bihurtu da, alde bakoitzak bereak bultzatzen eta armatzen dituela, eta huthiek ere izango zuten persiarren babesik —esanguratsua Arabiar Emirerri Batuen aldaketa ere, Saudi Arabiaren morroi otzan izatetik Riadengandik urrundu eta Yemen hegoaldeko miliziak babestera—.

Baina gehiegi sinestea da aurrekontu militar handiena daukan herrialdeak haren etsai nagusi den lurraldeetatik etor litezkeen erasoen aurrean bateria antiaereorik ez izatea. Hortik aurrera, segi dezala propagandaren jokoak, AEBetako hauteskundeak hurbildu ahala etsaiak beharko dira eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.