urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Sezesioak eta demokrazia

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Sezesio kasuak oso bereziak izaten dira. Teknikoki, dagokion lurraldeko biztanleek izan ezik, inork ez ditu gura: ezarritako ordena hankaz gora jartzea dakar, ezegonkortasun iturri da, eta, gehienetan, statu quo-aren eta egonkortasunaren ustezko onura unibertsala talde baten desio kolektibo baina partikularraren gainetik ezartzen da. NBE sortu zenetik eperik luzeena daukagu New Yorkeko egoitzan aulki berririk gabe: zazpi urte beteko dira aurki Hego Sudanek azkena lortu zuela. Ez dirudi aurten ere estatu berririk sartuko denik erakundean, Kaledonia Berrian azaroan gertatzen dena gorabehera.

Datorren urtean, aldiz, litekeena da Ozeanian Bougainville uharteak Ginea Berritik bereiztearen alde bozkatzea. 2019ko ekainean egingo dute erreferenduma eta baietza gailenduz gero, zortzi urte izango dira Hego Sudanen independentziatik beste estatu bat sortu dela. II. Mundu Gerra ostean NBE jaio zenetik, ia etengabeak izan ziren estatu berriak 1950eko eta 1960ko hamarkadako deskolonizazio sasoian, erritmoa motelduz joan zen 1970eko hamarkadan, eta 1980koan etena etorri zen, Gerra Hotzaren amaierara arte. Sobietar Batasun ohia eta Jugoslavia desegin ziren orduan. Afrikan ere lehen bi sezesio-prozesuak izan ziren: Europako estatu batekiko deskolonizazioa izan beharrean, Afrikako estatu batetik bereizita sortu dira azken estatuak: Namibia eta Eritrea lehendabizi, Hego Sudan azkena. Aurretik, ezinezkoa zen halakorik egitea, Biafran duela mende erdi ondo ikusi zuten legez.

Hala, mende berriraino luzatu zen estatu-sorrera berri haren olatua: Montenegrorekin amaitu zen Jugoslavia izan zenaren azken federazioa, eta Ekialdeko Timorrek ere Indonesiatik bereiztea lortu zuen. 1980ko hamarkadako etena zen orain arte luzeena, Brunei Erresuma Batutik bereizita NBEn sartu (1984) eta Namibiak (1990) gauza bera egin zuen tartea.

Deskolonizazioak sortu ditu estatu gehien. Gerrek hurrena, eta potentzien arteko gatazketatik ere ez dira estatu gutxi jaio. Azken elementu horrek babes erabakigarria eman izan du, baita NBEn sartu ez baina teknikoki jatorrizko estatutik bereizita dauden errealitateetan ere: Kosovo ezin uler liteke Washingtonen laguntza gabe, ezta Abkhazia Moskuren babesik gabe ere. Bertako biztanleen borondatea ere aintzat izan behar da, baina borondateak borondate, potentzien babesak markatu du aldea; Hego Kurdistanen ere denek bozkatu zuten baietz irailean, baina munduak bizkarra eman eta galdeketak hondamendia ekarri die Irakeko kurduei.

Kataluniaren kasuan, sezesiorako elementu horietako gutxi daude. Ez dute nazioarteko inolako potentziaren babesik, plano teoriko eta oso abstraktutik kanpo: teorian komenigarri izan liteke Espainia txiki eta EBn horrenbesteko pisurik gabekoa, Poloniarentzat, esaterako, baina hori gertatzeko behar den ezegonkortasun mailak, horrelakorik ez sustatzera bultzatzen ditu estatuak. EBko (eta NATOko) estatu baten eta estatu horretako independentisten artean hautatu behar bada, estatuek itsu-itsuan egingo dute beren kidearen alde.

Testuinguru horretan, Europako agintariak harrituta daude Espainiaren baldarkeriarekin: Katalunian urtez urte handitzen joan da independentziaren aldeko eskaria, baina ez zegoen gainontzeko kasuetan agertu izan den baldintzarik, eta, eskari baketsu eta guztiz demokratikoa izanik, zentzuzkoa zirudien neurri berean erantzun eta estatuak dituen abantailekin nagusitzea. Kevin McKenna eskoziar kazetariak hala galdetzen zion Madrili The Guardian egunkarian berriki: zergatik tematu zarete indarkeriaz zapaltzen, erreferendumari jaramonik egin ez eta ez aitortzeko aukera izanda?

Europan lehen zartada izan ziren urriaren bateko irudiak. Txeke zuri baten antzekoa zirudiena eman zioten Espainiari orduan, indarkeria berriz ez erabiltzeko baldintzarekin autonomia kentzea onartuz tarte baterako. Baina Europaren berme hori negoziatzeko erabili ordez, mendekurako baliatu Madrilek, katalanek bozkatutako agintariak espetxeratzeko. Horrekin aski ez, eta bere lan zikinean ez ikusi egitea ez eze, kolaboratzeko eskatu diote Europari, ordura arte bezala itsu-itsuan jaramon egingo ziotelakoan. Eta gauza bat da Berlinen sudurra estaltzea ustezko demokrazia baten zabor-kiratsaren aurrean, eta beste bat zure demokrazia ere zaborretara botatzea Espainiari laguntzeko. Aste interesgarriak datoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.