urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bougainvilleko erreferenduma

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Datozen egun eta asteetako agenda informatiboak bidali dizkigute, astero legez, agentziek. Independentziei buruzko gaiak bilatuz gero, Eskozia eta Katalunia topatzen ditugu. Inoiz Irak eta Kurdistan agertu izan da, edo Puerto Rico. Kaledonia Berriak oihartzuna izan zuen duela urtebete, eta berriz ere izango du, irailean independentziari buruzko bigarren galdeketa hurbildu ahala. Baina Bougainville oso gutxi agertu da, Ozeaniako zenbait hedabidetatik kanpo.

Zergatik izan beharko genukeen Pazifikoko uharte urrun batengatik interesik? Datorren astean independentzia erreferenduma egingo dutelako soilik, merezi luke arreta. Baina horrez gain, hamar urtean lehen aldiz estatu berri bat sortzea izan dezakeelako ondorio. Nazio Batuen Erakundearen sorreratik sekula ez da horren tarte luzerik egon estatu berririk jaio gabe. Ia hamar urte dira Hego Sudanek New Yorkeko egoitzako 193. aulkia hartu zuenetik, eta beste inor ez da sartu hamarkada guztian. 194.a Bougainville izan liteke.

Erreferenduma argi irabazi beharko dute horretarako independentistek, eta badirudi bougainvilletar gehienek hala bozkatuko dutela.

Oinaze handiz iritsi den galdeketa da: Ozeanian II. Mundu Gerratik egondako gatazka ankerrenaren ondorio: 20.000 lagun inguru hil ziren 1988-1998an Panguna meatzeagatik piztutako gerran; hau da, biztantenleen ia%10. Egun duen autonomia eman zioten 2001eko bake akordioek, eta 2020 baino lehen erreferenduma egiteko konpromisoa. Bertie Ahern du buru BRC Erreferendumaren Batzordeak; birritan atzeratu dute aurten galdeketa, dena prest egon zedin: errolda, talde armatuen desarmea eta adiskidetze-ekintzak, Papua Ginea Berriko Gobernuaren eta eskualdeko beste herrialde batzuen babes ekonomikoa, eta herritarrak informatzeko kanpaina argia. Bi aukeraren artean erabaki behar dute herritarrek, eta bien esangura laburbiltzen duten agiriak ere banatu dituzte: zer den «autonomia handiagoa», eta zer «independentzia».

Datorren larunbatean hasiko den bozketak bi astez iraungo du, abenduaren 7ra arte. Gero, beste bi asteko gehienezkoa epea dago botoak zenbatu eta emaitzak argitaratzeko, baina ahalik bizkorren egiteko asmoa dauka BRC, eta bi datu baino ez omen dituzte emango, inor ez dadin nahastu: zenbat boto dituen autonomiak eta zenbat boto independentziak.

Horrainokoa, zehatz-mehatz idatzi eta planifikatuta dago. Hiru aste barru emaitzen berri dugunean hasiko da prozesua itsas-kartetatik kanpo nabigatzen: zernahi bozkatzen dutela bougainvilletarrek, hurrengo urratsa Bougainvilleko gobernu autonomoa eta Papua Ginea Berriko gobernu zentrala elkartzea eta negoziatzea izango da. Bi erakundeek adostutakoa, Papua Ginea Berriko Parlamentura eramango dute, eta hark izango du azken hitza. Hau da, independentziaren hautua balego ere, estatuak berak onartu beharko du, bai gobernuak, bai parlamentuak. Horregatik, geroz eta alde handiagoz irabazi independentziak, zailago izango dute diputatuek hura eragozten.

Duela mende bateko kolonialismoan du abiapuntu historikoa auziak: Bougainville auzo dituen Solomon uharteetatik bereizi eta Alemaniaren menpeko Ginea Berrian sartu zuten, Salomon uharteak britainair kolonia ziren artean. 30 urteko tarte horrek eragina dauka egun ere. 1975eko irailean Papua Ginea Berriak Australiarekiko independentzia aldarrikatu baino bi aste lehenago, Bougainvilleko gobernu autonomoak gauza bera egin zuen Papua Ginea Berriarekiko, eta «Ipar Salomon» izena eman zion eratu nahi izan zuen estatuari, baina ez zuten nazioarteko aitortzarik lortu.

Erreferendumaren prozesua oso interesgarria izan da, eta hemendik aurrerakoa ez da gutxiago izango. Herritarren emozioagatik eta hainbeste odol-jario eta sufrimenduren ostean etorkizuna euren esku hartzeagatik, lehendabizi. Estatu independente libre bat jaio litekeelako, hurrena. Eta askatasun haizeak kutsakorrak direlako: Ginea Berrian badira gutxienez autonomia gehiagoz ibili nahi luketen uharteak, eta ezin ahaztu uharte nagusiaren mendebaldea matxinada betean dela azken hilotan Indonesiaren aurka, duela 50 urteko erreferenduma iruzur hutsa izan zelako. Kaledonia Berriak bigarren galdeketa egin baino lehenxeago sor liteke Bougainvilleko estatua. Frantziaren menpeko Polinesian ere eragina izango du. Eta urrun egon arren, kasuak konparagarri ez badira ere, munduko mapak itxita daudela eta estatu berririk sortzerik ez dagoela dioen gezurrari berriz ere errealitatearekin egin ahalko zaio aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.