Pastor
DARWIN ETA GU

Grafitia

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Autobus geltokiko komunean svastika bat ikusi duzu, zirkulu gorri baten barruan. Kanpoan berrogei bat afrikar daude. Donostian botata utzi dituzten gizakiak dira, Espainia hegoaldetik etorriak. Egun batzuk geroago mezu bat agertu da komuneko ateko svastikaren ondoan. Idazkera gorri lodia, aurrekoaren berdina: Hitler tenía razón. Bi ekinalditan idatzitako grafitia da. Zergatik zuen arrazoi Hitlerrek? Judu guztiak hil nahi zituelako? Ijitoak? Homosexualak? Edo beltzak?

Etorkinen presentziak arrazakeria eta xenofobia agerrarazi ditu Europan. Baldintza jakin batzuk baino ez dira behar azaltzeko. Alemanian arriskuan ikusi dugu Angela Merkelen gobernua, Bavariako CSU alderdi kontserbadoreak migrazioa kontrolatzeko neurri zorrotzagoak eskatu dizkiolako Berlingo aginteari.

Etorkinak. Besteak. Gaitz guztien iturria. Duela gutxi lekukotasun argigarriaren berri eman zuen kazetari batek, Municheko egunkari batean: udaberria Bavariako herri txiki bateko Biergarten, garagardotegi batean. Dozena-erdi bat lagun, inguruko enpresaburuak, aberatsak —gizonezkoak, noski—, larruzko prakak, pitxerra eskuan, Prost! Herriko handikiak ditugu, gure jauntxoen modukoak. Eta neska zerbitzaria, janzkera bavariar tradizionala soinean, hara-hona lanean, gelditu egin barik, gizonek haren kontura iruzkin lizunak botatzen dituzten bitartean.

Halako batean gizon horietako batek neskari deitu, eta zerbait xuxurlatzeko keinua egin dio. Neska makurtu, eta haren eskotean ezpainzapi zikin bat sartzen saiatu da gure heroia. Barreak eta algarak. Ez da ezer gertatu. Garagardotegiko arduradunek ez omen dute ezer ere ikusi. Eta ikusi izan balute... kontuz, herriko bezero ohoragarriak dira. Eta kazetariak zalantza azaldu du: zer gertatuko ote zen bavariarrak barik senegaldarrak izan balira garagardotegiko gizonak. Afrikarrak, arratsalde osoan begirada eta iruzkin higuingarriak egiten neskaren kontura. Eta azkenean horietako batek zapi zikina sartu nahi izan balio paparrean. Poliziari deitu eta segituan autoak bertan. Baina bezeroak alemaniarrak dira...

Erraz barkatzen ditugu gutarrak. Imajina ezazu: garagardotegiaren ordez sagardotegia, gure negozio gizonak —bai, gizonak— emakumezko zerbitzariei irri eta zirri, adurra dariela. Ezer ez. Horien ordez dozena bat afrikar, berdin jokatzen. «Zer ari dira beltz zikin horiek gure poxpolinekin? Udaltzainei deitu!». Imajina ezazu: enpresaren Eguberrietako bazkaria —Laukizen edo Zumaian, berdin dio—, gure nagusia zerbitzari kolonbiarraren bularrari begira eta begira, txerri apo baten moduan. Beltzei bai, baina nor ausartuko da hari zerbait esatera?

Gure balioak, haien balioak. Danimarkan, etorkinek jaio eta urtebetera bidali beharko dituzte seme-alabak eskolara, «balio daniarrak ikasteko». Astean 25 orduz gutxienez! Hori egin ezean, laguntzak kenduko dizkiete. Jatorri daniarreko gurasoen umeak sei urte bete arte ez daude legez behartuta eskolara joatera. Pentsatzekoa da bost urte horietan jatorria atzerrian duten umeek ondo egingo dituztela etxeko lanak. Eta gerta liteke, gerta, kanpotarren haurrek etxeko pedigri garbia duten umeek baino daniarrago jokatzea sei urterekin. Izan ere, nork bermatzen du ume daniar guztiak tik sexista eta homofobo barik joango direla eskolara? Bai, musulman guztiek ez diete errespetuz begiratzen andrazkoei. Kristau eta ateo guztiek bai? Bai, horixe: «Ez begiratu hala neskei, baina haiek baino gehiago irabazi, haiek baino gehiago izan, bitch puta hauek dirua eta estatusa besterik ez dute maite eta».

Geltokiko grafitia ikusi nuen momentuan boligrafoa atera eta kontrako mezu bat idazteko tentatuta egon nintzen une batez. Garai batean sarri ez, baina egin egiten nuen —ez dut esango, badaezpada, zer idazten nuen—. Hala hasiz gero, besteek ere idatziko zutela pentsatu nuen. Eta garai batean baino zibilizatuago jokatu nuen. Garbiago —edo koldarrago—. Ez nuen atea zikindu nahi. Baina atea jadanik zikin zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.