BI AHOTSETARA

Hamarkada azkarrari

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ez ditut Eguberriak oso atsegin, baina onartu behar dut 25eko goiza laket zaidala. Beti oroitzen dut egun hau neguko eguzki apalak zerua urdin mantentzen duela. Kaleetan dena da bare, guztia motelago mugituko balitz bezala, mundua slow motion-en. Beharbada kontraste hori areagotzen da kontuan hartzen bada aurreko eguna azken orduko opariak erosteko presek inbaditzen dutela, auskalo.

Kontua da 25 goizean ordenagailua piztu eta nire urteko deskubrimendu pertsonala jarrita (Pomme Grandiose abesten dabil momentu honetan) idazteari ekin diodala jakin gabe oso ondo nola egituratu testua. Ezinbestez, atzera begira jarri naiz eta konturatu hamarkada bati agur esatera goazela. Beraz, urte bukaeran atzera begiratzeko gehienok dugun joera hori areagotu egin da. Alabaina, ohartzen naiz beti gaudela atzeregi edo aurreregi begira, baina nork gozatzen du orainaz multitasking-a hamarkadako hitz bihurtu dugun honetan?

Zorionez, Pomme bezalako artisten abestiak beti azaltzen zaizkit istantaz gozatzeaz ahazteko puntuan nagoenean. Nire salbamendu txalekoak dira abestiak. Eta bat-batean, hamarkada honetako nire diskoen zerrenda egin beharrean, ikasi dudana zerrendatzen hasi naiz: maitasuna eguneroko detaile txikietan ezkutatzen dela, lagunak urriagoak direla baina lagunagoak urteak aurrera egin ahala, denborak hegan egiten duela eta zorion momentuak identifikatzen ikasi beharra dagoela horiek unean bertan gozatzeko (oroitzapenetatik edanez bizitzeak ez baitu balio, jada ez), nire txakurraren konpainia nahiago dudala pertsona askorena baino (hain justu, erakutsi baitit orainaldia zeinen preziatua den); baina batez ere, musika dela inoiz izan dudan maskotarik fidelena, beti prest perspektiba ezberdin bat eskaintzeko.

Datorren hamarkadarako nire nahia: entzuteko ahalmena ez galtzea horrenbeste zarataren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.