gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

«Estrogeno pixka bat»

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

Musikak asko baitu jarreratik; ez gara ezer berria esaten ari. Baina zenbaitetan, gehientsuenetan, jarrera estereotipatu batekin lotu izan baita zuzeneko emanaldien jarduna, rockaren esparruan, batez ere.

Zutabe honetan bertan goratu genituen Atom Rhumbaren zuzenekoen berezitasuna eta indarra; eta nabarmendu genuen faltsetean abestearen ederra, gizonezkoen ahots estandarra zalantzan jartzen duelako, beste erregistro batzuk ekarri eta sinbolizatzen dituelako, sarriegi gizontasunarekin kontrajarri izan direnak.

Eta, hara hor, oraintsu berriz ere Rhumberoak ikusteko aukera, Oñatiko Beratu jaialdian, eta ezusteko desatseginak non kolpatu gaituen. Hain zuzen ere, rockaren jarrera estereotipatuenak, halako gizonkeria batekin lotu izan direnak, erreproduzitzen ikusi ez genituen bada!

Gaitzesgarria ez da oholtzan kementsu ez ezik nahi bada oldarkor agertzea ere... ugariak dira hunkidura, alaitasuna, amorrua, ezina agertzeko moduak. Izan liteke egun txar bat agertoki gainean, jakina, baina ulertzen zail da oraindik ere, gitarraren pedalen soinuarekin asmatu ez eta tramankulua txikitu arte ostikatzea amorruaren amorruz; apurtutako kableetako bat jendartera botatzea. Errazagoa zatekeen mikrofonotik esplikatzea zein zen arazo teknikoa, esaterako, ezen, eta ez kantariak egin bezala, soinu egokia ez izatearen errua egun horretako ordu aldaketari egoztea, eta bertaratu zirenei modu zakarrean, marmar jarioan, hitz egitea...

Rhumberoak laudatzean gogoratu genuen Iñigo Cabezafuego kidearen esaldi bat: «MC5, The Stooges... gutxiago eta Prince gehiago». Oñatiko kontzertuan ere Cabezafuegok berak izan zuen jarrerarik errespetagarriena ez ezik argitsuena ere. Taldekideei begira honako hau bota zien: «Tira, pedalik edo kablerik gabe, baina jo dezagun, jendea horren zain dago eta. Agian, estrogeno pixka bat gehiago jarri beharko genuke...».

Ez baita oro testosterona, ezta rockean ere.

Talde handia da Atom Rhumba zuzenean, baina dena ez da testosterona, dena soinu eta teknika ez den moduan. Publikoak eta Beratu jaialdiak berak besterik merezi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.