Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Belarriak ondo ireki

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Konturatzerako, zazpi urte dira jada zutabe hau idazten hasi nintzela. Tarte honetan behin baino gehiagotan pentsatu dut uztea, ez baita erraza bi astean behin edozein gauzaz hitz egiteko ustez hain eroso eta desiragarri den askatasun horrek sarritan sorrarazten duen larritasuna gainditzea. Askatasuneko arnasa sakon batez bukatu ditut hainbat eta hainbat zutabe, beste hamabost eguneko lasaitasuna erostearen poztasunaz. Baina hamabost egun horiek geroz eta azkarrago pasatu dira, eta ezer kontatzeko ez izatearen mamua laster azaldu da berriz ere. Era berean, zutabe bakoitzerako arakatzeak eragin didan jakin-min eta zirrarak mendekotasun txiki bat eragiten duela onartu behar dut, eta hor, zalantzan eta plazer-oinaze dualismo horretan, pasatu ditut urte hauek guztiak.

Lerro hauek idaztean, tarte horretan eta oro har, musikarekiko izan dudan harremana oso antzekoa izan dela jabetu naiz. Hainbeste disko eta kontzertu entzun eta ikusi ondoren, benetan kitzikagarria eta berria izango den ezer ez dudala inoiz aurkituko pentsatu dut batzuetan. Dagoeneko pilatu ditudan disko guztietan bizitza guztirako nahiko eta sobera musika dudala eta gehiago ez dudala behar esan diot neure buruari orduan. Baina ez, zorionez, goizago ala beranduago eta gutxien espero nuenean, ezustekoa azaldu da, doinu edo artista batek nire arreta deitu du, eta nire aurreiritzi guztiak hankaz gora jarri ditu. Irudimenak eta sormenerako eta komunikaziorako beharrak ez du amaierarik.

Horixe izan da nire zutabe guztietan igorri eta partekatu nahi izan dudana. Nire aurkikuntza txiki horiei ataritxo bat ematen saiatu naiz, irakurleengana iritsi eta baten bati antzeko sentsazioak eragingo dizkion itxaropenarekin. Horrexegatik ere, zutabegilez aldatzeko garaia iritsi dela erabaki dugu, eta hauxe izango da nire azken zutabea. Ikuspegi eta erronka berriak izango dituzue udatik aurrera. Itxaropenik ezgaldu inoiz, eta belarriak ondo ireki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.