gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Galbideak

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Atzemanezinak dira kantuaren bideak, baiki, eta atzemanezinak norberaren galbideak.

Sinnerman (gizon hobenduna) kantuak eta haren oinarrietatik sortutako Oi gu hemen-ek nire baitan utzitako lorratza aipatu nuen aurreko Bi ahotsetara-n, eta nabarmendu nituen kilika eta klika berezia egin izan dizkidaten bertsioak; ezagutuagatik, eta gustukoak izan arren, ahaztu egin zitzaizkidan beste zenbait, ordea. Ez baita hobenik gabeko bi-hankakorik. Eta askotarikoak baitira galbideak. Aipatzeke utzi nuen, esaterako, Belako taldeak zuzenekoetan behin baino gehiagotan jo izan duen Sinnerman dantzari adrenalitikoa; aipatzeke, halaber, Behi Bideko Andere Zuriak (BBAX) taldeak Oi gu hemen-en sehaska kantu ameslari bihurtua.

Ezagutzen nuen kide askoz osaturiko taldearen bertsioa, ezagutzen nuen iaz kaleraturiko Distortsioen munduan diskoa ere. Haatik, ahanzturaren zokondora bidalia nuen nonbait. Eta gogamenak huts egiten ez badit, uste dut fenomeno orokorragoa izan dela. Ez baita ia aipatua izan ez hedabideetan ez sare sozialetan, ez baita nabarmendua izan urte amaierako askotariko zerrendetan ere. Orokorragoa izateak ez du hobena leuntzen, ordea, aski lan berezi, ertz askotariko eta disfrutagarria baita. Proiektu kolektiboa izan da BBAX; izan da diot, oraingoz behintzat zuzeneko emanaldiak eten dituztelako. Musikariok parte hartu zuten diskoan. Mirentxu Agerre (ahotsa), Pantxix Bidart (ahotsa, gitarrak), Marie Bidart (ahotsa, saihetseko flauta), Sebastian Desgrans (eskusoinua), Jurgi Ekiza (ahotsa, gitarrak), Aline Etxeberri (ahotsak), Allande Etxeberri (gitarra apala), Karine Etxeberri (ahotsak), Paxkal Indo (flauta, perkusioak) eta Paxkal Irigoien (ahotsa, gitarrak).

Sarean ikusitako bideo batek piztu dit alarma. Iazko urte amaieran eman zuten azken kontzertua Armendaritzen (Nafarroa Beherea), eta kontzertu osoa Kanalduden emango dute aurrerago. Haren puska eder bat ikus liteke oraingoz. Bideo horrek berak sorrarazi dizkit galderak. Hego euskal herrietako proiektua balitz, eta herri kanten epigrafe menostua ez baleuka diskoak, hain oharkabean pasatuko litzateke?

Atzemanezinak baitira galbideak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.