BI AHOTSETARA

Paradoxa

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
CDak ordenatzen zebilela konturatu zen jada ez zituela apenas entzuten. Bukatu bezain pronto otu zaio zergatia; hango edo hemengo artistari laguntzeko soilik erosten dituela, alegia. Disko fisiko bat edukitzekotan, nahiago du biniloa. Azken urteetan argitaratutako binilo ugariek harrotasunez bueltatu diote begirada apaletik.

Haatik, ez ditu egunero entzuten biniloak. Denbora gutxi izan ohi du astean zehar eta plazer hori asteburuetarako gorde ohi du. Igandeetan bai, disko bat aukeratu, kaxatik atera, irakurgailuan jarri eta orratza kontu handiz gainean pausatzen dio. Magia. Halere, asteburuko erritualetik at, gutxiago baina egunero entzuten du musika. «Nola, ordea?», galdetzen diote harriduraz bere CDek.

Tanpez, David Byrneren How Music Works liburuan ezarri ditu begiak. Byrnek dio musika digitalaren sorrerarekin musikaren jatorrietara bueltatzen ari garela, hain zuzen grabazioak existitzen ez ziren aldira. Garai haietan musika ez zen ukigarria, eta berau entzuteko modu bakarra zuzenekoak ziren.

Aitortzen du bera ere mundu digitalaren erraztasunak aspaldi liluratu zuela. Edonola ere, harro aldarrikatzen du diskoak bere osotasunean entzuten jarraitzen duela, eta esan beharrik ez dago kontzertu aretoetara erlijiosoak euren tenplura sartzen direnean bezalako debozioz barneratzen dela. Musikaren euskarri aldaketak baino gehiago kezkatzen baitu jada diskoak bere osotasunean entzuten ez direlako sentsazioak. Berak diskoa, musika eta diseinua uztartzen dituen lan oso bat bezala ulertzen du; bakarra ote da?

Dena den, erromantikoen garaia ez baldin bada ere, behintzat musika denon eskura dagoela ondorioztatzen amaitzen ditu bere hausnarketak. Baina gure musikazale kartsuari, musikaren demokratizazioaren ideiak poztasuna beharrean beldurra sorrarazi dio. Nola da posible edozein txokotako musika segundo gutxian eskura edukitzeko aukera izan eta denok ia musika berbera entzutea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.