BI AHOTSETARA

Musika-zuziak

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Katedralak hilezkortasun sentsazioa sorrarazteko diseinatuak daude, baina horixe da guztia, sentsazio bat. Notre Damek sutan zirauen bitartean paristarrek, naturaltasunez, hilezkorra zela uste zuten horri dolu-kantuak eskaini zizkioten. Horixe baitu musikak, une eta emozio guztietarako eztigarria dela, bizitza igarokor honetan betiereko eskura dugun heldulekua.

Helduleku horretatik eskuek irrist egin liezazkigukete, ordea. Mugikorreko pantailan hamaika pertsona, euren aurpegiak sugarrez argituak, kantuan ikusten nituen bitartean ezinegon batek inbaditu ninduen: eta musika ere hilkorra balitz? Beti izan dut ziur musika nirekin izango dudala azken liparreraino. Ezinezkoa zait egun bakar bat melodiarik gabe irudikatzea. Datorren etorkizun iluna argitzen duten lastargiak dira niretzat kantuak. Nahiz eta batzuk itzaltzen joan, beste batzuek beti pizturik diraute, unerik zailenetan gu erreskatatzeko. Musika-zuziak infinituak iruditu izan zaizkit beti, edo hori uste nuen, XIII. mendeko sinbolo betierekoa sutan ikusi nuen arte. Orduan neure burua larritzen hasi zen, eta ordura arte pentsatzera ere ausartzen ez nintzen galdera planteatu zidan: ziur al zaude zure musikarekiko pasioa betierekoa dela? Betiere iraun al dezake zerbaitek?

Pasioa muturreko emozio bezala ulertu ohi dugu, baina argi dago muturreko emozioek energia andana eskatzen dutela, adikzio moduko bat baitira, une oro zerbait muturrekoagoaren bila. Musikari dagokionez, oilo ipurdi etengabean bizi nahiko nuke, geroz eta iragankorragoa den mundu honetan. Oraingoz, beti azaltzen da merezi duen diskoren bat, hotzikara eragiten didan abestiren bat. Haatik, beldurrak hor dirau, emozioen pasioa, sufrimenduaren pasio atsekabegarri bihur daitekeen eguna edozein momentutan irits litekeela dion ikara anker hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.