Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Tabernak (I)

2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Musikaren jardunbideak ez baitira aberastasun monetario huts hitsez neurtu behar, Jordi Savallek dioen bezala; baina musikaren jarduna egikaritzen eta ahalbidetzen dutenak ez baitira gosegorritan bizitzera behartu behar...

Taberna txiki kuttun batean entzun eta ikusi genuen aurrenekoz Belako taldea, artean egungo sonarik ez zutenean, artean Eurie lehen diskoa grabatzeke zutela, 2012an. Gaur egun ia ezinezkoa zatekeen. Oso probabilitate txikia geneukake, behinik behin.

Makrojaialdi eta ebento handien kultur eredua politika publikoekin bultzatzen duten beraiek, musikaren zuzeneko jardunaren zaindegi (kultur sorkuntzaren zaintza eta kultur zirkuitu/gorputz existente ia bakarren zain eta birika diren heinean) gailen diren jardun eta ekimen kulturala arautu dute dekretu bidez; hots, mugatu egin dute, are, murriztu ere bai. Ez gaitezen engaina: ez dira hainbeste ere hartarako lizentzia izan gabe kultur programazio bat sortzeko bokazioa duten komertzio txikiak. Ez dute horrenbesteko soinu kutsadurarik eragiten, ez dute horrenbesteko auzo trabarik sortzen; guztiz kontrakoa gehien-gehienetan; musikaren esperientzia auzotu, hauspotu, kolektibizatu egiten dute, eta komunitate kohesioari arnasa ematen.

Ez gaitezen engaina; ez gaitzaten engaina. Hainbeste ez izanik, ez baita horren zaila urtean zehar kultur ekinbidera emanak dauden taberna horiek (musikaz harago, antzerki, bertso edo zernahi...) identifikatu, eta eurei muga, oztopo, isun eta abarrak jarri beharrean, laguntza, babesa eta egokitzapenerako tresnak ematea: soinu egokitzapenetarako kasu. Beste kontu askotan Kataluniara begira egoten direnek, begira dezakete Bartzelonako taberna eta areto txikien politika eta dinamiketara.

Besterik da askoz ere erosoago eta errentagarriago zaiela jaialdi handien dinamikan txertatzea, eta kulturaren espektakularizazio eta globalizazio ereduan jartzea mira eta sosak. Norentzat, ordea, errentagarritasun politiko eta ekonomikoa?

Taberna txiki eta kuttun batean entzun eta ikusi genuen aurrenekoz Belako taldea.

Gaur egun ia ezinezkoa zatekeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.