BI AHOTSETARA

Agurrak

gorka erostarbe leunda
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun

Izan zen garai bat gustuko taldeen agurrek barne zimiko handi samar bat eragiten zidatena. Musikak nerabe eta nerabe-ondoko noragaldu haren identitatean esanahi berezia zeukan. Ia oharkabean. Ia ezinbestean. Egungo talaiatik begiratuta, nahiago zukeen hainbesteko eraginik ez izatea akaso... Norberaren balio DNAn musika notak baino zerbait gehiago txertatzen zuen taldeak etena edo agurra iragartzean zurtz geratzen denaren moduko ezin bat sentitzea ez da hain harritzekoa ere. Agur erreferentzia estetiko-etikoa, agur babesgunea.

Bereziki inarrosi ninduen Dut taldearen agurrak. Ez ezustean harrapatu gintuelako, denbora bat bazeraman-eta taldeak mugimendu handirik gabe. 2003a zen, oker ez banaiz. Hondarribiko agur kontzertura ez nintzen joan; arrazoi zehatza ez dut gogoan, baina sentitutako zafraldi animikoak izango zuen zerikusirik. Uste dut sekula ez naizela izan agur kontzertuetan geroztik.

Denborak eta taldeko kideek erakutsi zidaten gerora, ordea, bai taldearentzat bai zaleentzat garaiz agur esatea dela zintzoena. Zailena. Ausartena. Bai behintzat sorkuntzari eta harreman moldeei begira; hau da, musikak ematen duen garrantzitsuenari begira. Geroztik, eta salbuespenak salbuespen, agur iragarpenak birjuntadizoak baino dezentez ere interesgarriagoak begitandu izan zaizkit. Eta, paradoxikoki, sorkuntzarako baliagarriagoak.

Talde bikain haren kideek proiektu berriak sortu zituzten, eta beste hainbatetako partaide bilakatu ziren gerora. Kuraia, Zura, Anari, Berri Txarrak, JP Lohian, Lisabö... Sorkuntzaren txinparta ez zegoen amatatua. Kontrara, molde desberdinetako proposamenetara barreiatu zen.

Asteon, hain zuzen ere, Berri Txarrak-ek etenaldi luze bat iragarri du. Beste horrenbeste jakinarazi du, nahiz eta oharkabeagoan pasatu den, Perlak taldeak ere. Bi talde aski desberdin; iraupenean, estiloan, disko kopuruan, baina biak ere lorratza utzi dutenak...

Erabaki zintzoa, ausarta biena ere. Eta, kideak ezagututa, aurrerantzean ere sormenerako bide berriak egitea ahalbidetuko diena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.