gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Iosu, Paxkal eta Peru

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Atzemanezinak baitira musikaren galbideak; baina batzuetan elkar topatzen dute. Eta atzemanezin bihurtzen dira topaketa horien lorratzak.

Duela bost urte inguru iritsi zen herrira Iosu; motibagarri zitzaion lagunartea topatu, eta Xukalden hartu zuen ostatu aurrena, Etxetxon hurrena. Eta segituan barreiatu zituen bizipoz, bizi kantu eta bizi harremanak auzoan, herriko hainbat gunetan. Erakutsi zigun aurreiritzirik ez izaten parekoarekiko, musikekiko... Umorea eta goxotasuna hurbileko ahaide izan daitezkela erakutsi zigun bezala, diskurtso hanpatuetatik urrun, egunerokoaren jardunez. Musika ulertzeko modu sentibera, alai eta ezohiko bat ere zabaldu du lau haizeetara harrezkero, Isuo ta Kezman edo Txost!-ekin. Urrutira ez, arrakasta gertura iristea dela agerraraziz.

Pare bat urte geroago heldu zen Peru. Beste herri batetik hura ere. Lagunartearen abarora hura ere. Harritu gintuen Santa Barbarako ermitan emandako kantaldi gogoangarriarekin, Hatxe alboan zuela pianoarekin; eta liluratu gintuen Zelai Ariztin ere, Laboaren omenezkoan. Auzo / herriko paisanajean ere ohiko bilakatu zen.

Azken udaz geroztik, Aginara bideko Etxetxon igaro ditu hilabeteak Paxkalek, Iosu bizikidetzat harturik. Hark izan du astirik gutxien herrian errotzeko, baina ez da geldirik egon orratio! Bospasei emanaldi ikus-entzun baitizkiogu tarte horretan, guztiak aski desberdin eta bereziak, gainera. Tartean, maitasun kantuen bertsioz osaturikoa taberna txiki batean, zinemarako konposaturiko musikaren entzunaldia areto handi baten iluntasunean, gaztetxean zuzenean egindako beste soinu banda bat... Zer ez!

Oraintsu irakurri diot Jordi Savall musikari eta musikologo katalan handiari: «Inoiz ez da kultura neurtu behar aberastasuna sortzeko duen gaitasunagatik».

Iosu, Paxkal eta Peru jada ez dira herrian; nork bere bidea hartu du. Musikari alderraiak dira, noranahikoak. Eta mukurutarrak; ez dute aberastasun (materialik) sortu. Baina eragin dute auzoan, eragin dute herrian. Musikatik abiatuta, musikarantz. Komunitate kritiko, alai eta gertuko baterantz. Hori aberastasun handia da.

Batzuetan topo egiten baitute musikarako bideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.