Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Isiltasuna (ere) politikoa da

2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Irudika dezagun, adibidez, Borja Senper, aldean Mikel Erentxun hartuta, Donostiako auzorik auzo, mitinen hasiera nahiz amaieretan kantuak zuzenean jotzen dituela; edo Jone Goirizelaia, Bilboko Zazpikaleetan barrena, jendeari diosal egiten, atzetik jarraika Fermin Muguruza hip-hopeatzen duela; Ernesto Gascok erakutsiko lizkieke edonongo turistei bulebarra nahiz noranahiko noria La Oreja de Van Gogh taldea tuna baten gisan segika izanik; zergatik ez irudika Juan Maria Aburto Bilboko abesbatza galtzetatik ezin bereizita; edota Espainiara jauzi eginda, Pablo Iglesias Los Chicos del Maizen gerizpean, eta Albert Rivera Loquillorekin oilar norgehiagokan.

Dibertigarria irudi lezake lehen ikusmiran...

Ez da atzo goizekoa hauteskunde kanpainetan alderdi edo hautagaitza bakoitzak bere soinu bandaren bidez limurtu nahi izatea herritarra, hiritarra, hauteslego potentziala. Asmakizuna Zachary Taylor eta Daniel Rice izeneko morroiei zor diegu; Whig Alderdiko hautagaia lehena (AEBetako Alderdi Errepublikanoaren aitzindaria), eta haren laguna bigarrena, pailazoa ofizioz. 1848ko presidentetzarako hauteskundeetarako kanpainan batetik bestera eraman zituen Taylorrek Rice bera eta honen bandwagon orga. Gurdi horretan soinu banda zeraman Ricek. Herritarrek gogo onez hartu zuten berrikuntza; Taylorrek hauteskundeak irabazi, eta AEBetako hamabigarren presidente bilakatu zen. Orduz geroztik, munduko ia hauteskunde guztietako ia hautagai guztiek erabili dute musika, ez soilik jendearengana iristeko, baita mezua helarazteko ere.

Dibertigarria irudi lezake lehen ikusmiran... baina edonork usain dezake nekoso ez ezik gogaikarri izaten amaitzen duela.

Ia guztia politikoa den garaiotan, edo ia guztiari izaera politikoa aitortzen zaion garaiotan, politika (profesional-mediatikoa) bera ez al da politikotik gutxien duena? Laguntzailetzat, babesletzat, limurgarritzat hartzen duen musika bera despolitizatzen duena?

Riceren ereduak eman beharrekoak eman ditu. Politika politizatu nahi badute, har dezatela John Cagena eredutzat, baina ez soilik 4'33-rako, baizik eta mitin oso baterako, edo are, kanpaina osorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.