BI AHOTSETARA

Bada zerbait

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Iritsi da abendua. Pertsonalki maite dut garai hau; taberna eta antzokien garaia da. Kontzertu txikiena. Kanpoko haize zorrotz eta euri tanta izoztuetatik babesteko musikaren aterpea gustura aukeratzen den garaia. Garagardoa eskuan, ondokoarengandik zentimetro gutxiagora kokatu ohi gara epeltasun bila, musikak eskaintzen duen konplizitatean. Futbol liga garaia ere bada, eta alboko tabernan Real Sociedad-Real Madril ikusten jende gehiago dagoela erreparatzen dut. Hasperena. Borrokan hasi aurretik ere galdutako bataila da hori, eta, beraz, ez du merezi gehiago sakontzerik ere.

Alta, arnasgune bezala Durangoko Azoka dagoela konbentzitzen saiatzen naiz neure burua. Milaka lagun hurbiltzen dira kultur gosez, urtero, euskal liburu eta disko nobedade ugariak ezagutzeko asmoz. Jakin-minez paseatzen dira stand batetik bestera, liluraturik euskal kulturak oparitzen duen eskaintza zabalaz.

Ahotseneko karpa lepo, kulturazaleak artista berriak ezagutzeko gogoz, edo lehendik gustuko duten talde horren eskaintza berria zuzenean entzuteko kartsu. Osorik DA! dio aurtengo leloak, eta horrela irudikatu nahi luke azoka, osorik, kulturari osotasuna berau eskuratu eta gozatzen duenak ematen baitio. Iruditzen zaio, ordea, gutxik sartzen dutela poltsikoetan eskua diru-zorroa atera eta gure sortzaileek egindako esfortzua ekonomikoki laguntzeko.

Landako inguruko tabernetan, ordea, kaƱetan barra-barra dirua xahutzen jende andana gogoratzen dut urtea joan urtea etorri. Urtean behin bada ere, kulturak elkartzen ditu, eta ez futbolak. Bada zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.