BI AHOTSETARA

Stendhal

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Iraileko igande eguzkitsua da. Ohetik altxatu eta tea prestatu du, ez du telesailik ikusteko gogorik. Horren ordez euskarri ugaritatik pasatu den baina, hala ere, betidanik bere bizitzan finko darraiena aukeratu du: musika. Gainera, orain, biniloak erosten hasi da, teknologia berriak eta modak ez baitute zertan noranzko berean joan. Ironia badirudi ere, egun oso modernoa da gauza zaharrez hornitzea.

Baina ez du modagatik egiten. Maite du bere disko kuttuna esku artean sentitzea, dakarren liburuxka behatu, usaindu eta kontu handiz irakurgailuan ipintzea. Diskoa mugitzen ikusten duen bakoitzean sentitzen duen lasaitasuna ezin du streaming bidez lortu.

Diskoaren birek hipnotizatuko balute legez, musikak etxean sentiarazten du edonon dagoela ere, bere barne mundu zabal eta aldi berean intimoa den oasira eramanez. Abesti tristeenak ere bere barnean zerbait mugitzea lortzen du ia beti eta hobeto sentiarazi.Zaila eta ziurrenik alferrikakoa da hau edonori azaltzen saiatzea, horregatik ez da inoiz saiatu. Ez du nahi bere etxea komentario hutsalek zikin dezaten. Dena partekatzeko obsesioz bizi garen honetan, badira gauzak bere horretan xarmangarriak direnak, hitzen bidez forma eman beharrik gabe.

Dutxa baten ostean, goseak ordularia begiratzera behartu du. Jada bazkalordua da, eta gaurkoan gurasoenean bazkaltzen duenez, bere auto zaharrean jartzeko disko bat aukeratu, eta abiatu da. Bidaia atsegina izan da, eguzki epelak autoko kristalak zeharkatzen ditu, samurki laztanduz bere azala. Gogoko du kotxean musika entzutea. Maiz pairatu du atseginez Stendhal sindromea gidatzen doan bitartean, talde haren ala bestearen akorde batekin, edo bere bihotzaren zirrikitu urruneneraino iritsi den garrasi batek erdibiturik. Mentalki eskerrak eman dizkio Stendhali horrelako momentuak izendatzeko hitza emateagatik eta musikari hitzez azaldu ezin dena azaltzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.