BI AHOTSETARA

Grina

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Berriz ere matraka berarekin?», «Behin ikusita ez al da nahikoa?», «Ez al zara aspertzen talde berdinak behin eta berriz ikusteaz?», «Zenbat balio duela sarrerak!?» edota «Hainbeste kilometro kontzertu batengatik?». Musikazaleok galdera forman entzun behar izaten ditugun ohiko kexak dira, besteek zutaz espero dutena baino grina handiagoa azaltzen duzunean formulatzen direnak. Aurten, Berri Txarrak taldearen urtea da dudarik gabe. Komunikabideetan eta jendearen ahotan bolo-bolo dabiltza etengabe, eta, beraz, hasierako galdera hauek ohi baino gehiagotan entzun behar izan ditut. Zergatik ez da zilegi, ordea, horretaz maizago mintzatzea? Nik urte osoan aguantatu behar izaten ditut ba futbolzaleak!

Behingoagatik kulturaz—edota bederen, musika talde batez— ohi baino gehiagotan hitz egiteagatik kirolzale asko asaldatuta daude. Ezin al da ba kulturaz futbolaz bezain beste hitz egin, ala? Zergatik dago batzuen grina besteona baino justifikatuagoa? Futbol partida bat ikusteagatik 90 euro ordaintzen duten batzuei harrigarriki 30 euroko prezioa garestia iruditzen zaie; edota kanpora bidaiatzea kontzertu bat ikusteko, mundialetan herrialde ezberdinetatik jende andana joan ohi denean futbolaz gozatzera.

Zer axola du, baina, zerk mugitzen gaituen? Argi dago grinarik gabe ezinezkoa dela bizitzea. Nik, behintzat, ez dut nahi. Zu futbolak mugitzen zaituenetakoa bazara, ederto iruditzen zait; ni musikak mugitzen nau. Eta niri ere gustatuko litzaidake komunikabideetan eta, oro har, gizartean kulturak merezi duen tokia edukitzea data jakin batzuetatik harago, eta ez Berri Txarrak taldeari gertatu zaion bezala, bere agurra iragarri ondoren erdiestea beraiek ere espero ez zuten arrakasta uholdea. Badirudi, bizitzako esparru gehienetan bezala, zerbait galtzera goazenean edo galdutakoan ematen dizkiogula merezi dituen arreta eta garrantzia. Futbolean izan ezik, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.