Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Makina matxistak?

2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Matxismoaren arazoa oso larria da gure gizartean. Haren espresio gordinena biolentzia moduan ageri zaigu, gehiegitan, tamalez. Baina matxismoaren eragina askoz ere modu sotilagoan ere ikus daiteke gure egunerokoan. Adibide bat jarriko dizuet esan nahi dudana argiago azaltzeko. Interneteko bilatzaileek geroz eta bilaketa konplexuagoak egiten dituzte. Jada ez dira mugatzen guk sartutako hitzak bere horretan bilatzera web orrietan. Hitz horien esanahia prozesatzen dute, eta sinonimoak, aldaerak edo antzekotasunak ere bila ditzakete. Horrela, bilaketa bat egingo bagenu unibertsitate konkretu batentzat, bertan informatika alorrean egiten ari diren doktore tesiak bilatzeko, sorpresa handia har dezakegu. Ziur aski, nahiz eta neskek ere doktore tesiak egiten diharduten, lehenik eta behin mutilak agertuko zaizkigu. Ez, ordea, informatikan neskak baino mutil gehiago daudelako soilik, baizik eta bilatzaileak informatikariak mutilekin erlazionatzen dituelako.

Nola da hori posible? Akaso gure makinak matxistak al dira? Kasu honetan, ez. Gaur egun, hitzak errepresentatzeko, makinek beraien esanahia ongi «ulertzeko», ikasketa automatikoa erabili ohi da. Horretarako, makinei milioika testu pasatzen zaizkie, haiek ikasteko hitz bakoitzak zer esan nahi duen, eta beste hitzekin nola erlazionatzen den. Makinek ikasteko prozesatzen dituzten testu horiek, guk, gizakiok idatzitakoak dira. Eta gaur egungo ikerketen arabera, testu horiek, guk idatzitako testu horiek, joera sexista nabarmena dute. Ikerlari batzuk ohartu ziren makina horientzat informatikari hitza mutil hitzetik askoz gertuago zegoela neska hitzetik baino. Bestalde, garbitzaile ala erizain hitzak neska hitzetik gertuago agertzen dira. Horren ondorioz, bilatzaile modernoek gorago deskribatu dugun portaera erakuts dezakete. Informatikari bilatzean, mutil hitza askoz gertuago izateagatik, bilatzaileak mutilak direnak lehenetsiko ditu.

Nahiz eta makinek, azken batean, gure gizartean errotuta dauden joerak errepikatzen dituzten, era honetako emaitzak oso kezkagarriak dira. Makinen eta algoritmoen presentzia gero eta handiagoa da gure egunerokoan. Ezin dugu utzi jada bidegabeak diren joerak makina horien bitartez areagotzen. Hori baita lortuko genukeen efektua: joera matxisten eragina handitzea. Horregatik, ikerlariek ongi aztertu nahi izan dute gai hau. Emaitzak nahiko harrigarriak izan dira. Makinek ikasten dituzten hitzen errepresentazioetan matxismoaren arrastoa identifikatu ahal izan dute. Ez nuke nahi xehetasun teknikoetan sartu, baina joera horiek hitz horiek errepresentatzeko erabiltzen diren bektoreen propietate geometrikoetan atzeman daitezke. Bai, bai! Matxismoak geometriarekin harremana du, antza!

Kontua da, behin joera identifikatuta, ikerlariek joera horiek zuzentzeko teknikak ere proposatu dituztela. Era horretan, informatikari ala erizain bezalako hitzak mutil eta neska hitzetatik distantzia berera geratzen dira. Ez da gutxi, alajaina!

Hala ere, honek guztiak hausnarketa bat merezi duelakoan nago. Lehenik eta behin, gure gizartean erroturik dauden joerak (matxismoa ala arrazakeria, esate baterako) makinek ere erreproduzitzen dituzte. Zergatik? Joera horiek guk sortutako datuetan agertzen baitira. Hemen aztertu dugun ikerketak Google News erabiltzen du testu-iturri gisa. Hitzen errepresentazioetan matxismoa agertzen bada, testu horietan jada agertzen delako da. Bestalde, baditugu teknikak makinen joerak zuzentzeko. Ez da gutxietsi behar horren garrantzia. Baina benetako arazoa beste bat da: gure gizartean dauden joera negatiboak. Horiek dira, hain zuzen ere, zuzendu beharrekoak. Neurozientzietan ez bada bestelako aurrerapenik sortzen, uste dut hezkuntza dela joera horiek zuzentzeko eskura dugun teknika bakarra. Eta hezkuntza gizarte osoaren lana da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.