Haizea Barcenilla
IRITZIA

Notre Dame sutan

2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Nerabea nintzenean, amak Parisera eraman ninduen lehen aldiz, busean gaua pasatuta, eta oraindik dut gogoan bertara hurbildu eta barneratzean sentitu nuena: bertan ulertu nuen lehen aldiz Erdi Aroan jainkoarengan sinestea. Argia difuminatu eta mundu honetatik aldentzen zuten beirateak; inguruko edozein eraikinen gainetik zerura zuzenean igarotzen ziren harrizko gangak. Agnostikoen alaba ateo honek pentsatu zuen: nola ez zuten garai hartakoek jainkoarengan sinetsiko? Zeinek zuen halako lekua eraikitzeko ahalmena garai hartan bestela? Aro bateko sentipen eta pentsamenduaren igorle zen bere osotasunean.

Kontua ez da artea idealizatzea, edertasuna eta elkartasuna goratzea. Notre Dame ez da garai zoragarri baten irudia, ezta nazio baten sinboloa ere, Macronek salduko duen bezala. Elizaren botere tiranikoa adierazten du; desberdintasun sozialen irudikapen argia da (inguruko etxe gehienak egurrezkoak izango ziren ziurrenik, asko eta asko kiskaliko ziren eraikin horren aurretik, jende askorekin barnean akaso). Ikaragarria eta ederra da aldi berean. Baina hori ere bada artea, hori ere bada ondarea, eta gorputzean zein arrazoian, edo hobe, biak loturik jotzen gaitu.

Aitak mezu bat bidali zidan mugikorrera: ezustean harrapatu nau suntsiketak, zioen, bitxia da, ez nuen imajinatzen Notre Dame desagertu zitekeenik; Cité irlaren berezko paisaiaren atal bat zen niretzat, betierekoa. Eta mezua irakurri bitartean barneratu nuen baietz, desagertu dela, ezagutzen genuen moduan behintzat; ondarea ez dela betierekoa, unibertsala ez den bezala. Ondarea ere zaurgarria dela, pertsonak bezala, eta zaintzak behar dituela, pertsonek bezala. Ez irabazi ekonomikoak ekartzen dizkigulako, ezta nazio baten sinboloa delako ere, ezta botere jakin baten adierazle izateagatik ere, baizik eta arima, historia eta izaera kontrajarriak bere barruan gordetzen dituelako, pertsona batek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.