urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Ezkutalekuan

2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Sail Ofizialean lehian dira biak, 36ko gerra dute abiapuntu, eta saihetsezina da bien arteko alderaketa.

Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra-n, Miguel Unamuno eta Franco dira protagonista nagusiak: kontraesanez betetako pertsona edadetu bat da Bilboko idazlea —Karra Elejaldek txukun samar haragitzen du—. Handik pasatzen zen gizagaixo bat ematen du Francisco Franco Bahamonde galiziarrak. Mahaian ukabilkadak ematen ditu Millan-Astray faxistak, eta haren erritmora doaz Errepublikaren kontrako tropak. «Gora heriotza!». Kontakizun narratiboan nahia eta ezina antzematen dira, zoritxarrez, Amenabarren zintan. Eta hotz uzten du.

Memoria historikoaren gaineko interpretazioetan sartu gabe, alor zinematografikoan askoz gehiago konbentzitzen du La trinchera infinita pelikulak. Jon Garañok, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako lana harribitxi bat da, askotariko arrazoiengatik. Pertsona anonimo batzuekiko hurbilketan, ederki doaz protagonistak marrazten. Nahiko bizkor sentitzen da soinuak duen garrantzia:Xanti Salvadorrek egindako lanik gabe zaila da pelikularen osotasuna ulertzea. Izan ere, etxean ezkutatuta dago satorra, emaztea zaindari duela, eta etxeko atearen atarian entzuten diren ahots eta soinu guztiak narrazioaren funtsezko osagaiak dira.

Pelikulak ematen duen begiradan erakargarria den beste osagai bat da kamera satorraren ezkutalekuan jartzea. Toki horretatik begiratzea etxean daudenei: bai emazteari, bai iristen diren beste pertsonaiei. Ezkutalekuan sentitzen da ikuslea zenbaitetan, denborak aurrera egiten du, gertakizunak egon badaude, eta txoko horretatik behatzen da bizitzaren joan-etorria. Horrela, 33 urtez. Eta, urte horietan guztietan, satorraren eta bere bikotekidearen artean dagoen harremana da pelikularen gako mamitsu bat. Belen Cuestak egiten duen interpretazioa marko batean jartzeko modukoa da. Marko hori ispilu bat izan daiteke. Eta ispilu horren aurrean, 36ko gerra eta gerraostea sufritu zuten Euskal Herriko emakume asko ere bai. Gurean oso ondo ulertuko den Andaluziako istorio bat baita La trinchera infinita-rena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.