Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Zerk bereizten gaitu gainerako primateengandik?

2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Gizakiak bi milioi urte inguru behar izan ditu primateena baino hiru aldiz handiagoa den garuna garatzeko. Tentagarria da pentsatzea tamaina desberdintasun horretan datzala gure eta beste primateen arteko aldea. Baina garunaren prozesatze-gaitasuna ez da tamainaren araberakoa, baizik eta neurona kopuruaren eta horiek elkarren artean konektatzeko duten ahalmenaren araberakoa.

Gu gainontzeko primateengandik bereizten gaituena zer den aurkitzeko asmoz, ikertzaile batzuek aztertu berri dute nola erregulatzen diren garuneko geneak gizakitan, txinpantzetan eta Rhesus makakotan. Aztertutako 3.356 geneetatik soilik %12aren aktibitatea da ezberdina primateen eta gure artean. Ezberdintasun nabarmenena tirosina hidroxilasa kodetzen duen genean aurkitu dute, gizakiongan askoz aktiboagoa dena. Tirosina hidroxilasak dopamina neurotransmisorearen sintesi prozesuan hartzen du parte. Dopamina oso molekula garrantzitsua da; izan ere, ikasketa prozesuan, memoriaren garapenean, arrazoiketa prozesuan, mugimenduen kontrolean eta, oro har, adimenean parte hartzen du. Molekula inportantea benetan. Dopamina urritasunaren ondorioz,depresioa, Arreta Galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko Asaldura (AGHA edo ingelesez TDAH) edota Parkinson gisako gaitz larriak pairatzen ditugu.

Ildo beretik, beste ikerketa lan batek aztertu du zein neurotransmisore dauden primate ezberdinen garunetan. Zehazki, gizakien, kaputxinoen, makakoen, babuinoen, gorilen eta txinpantzeen garunetan ikertu dituzte. Lan horren emaitzek berretsi dute gizakiok beste primateek baino dopamina gehiago ekoizten dugula. Aitzitik, lehenbizikoz frogatu dute gizakiok azetilkolina gutxiago ekoizten dugula, hain justu izaera menderatzaile eta lurraldekoiarekin lotutako konposatua.

Ikertzaileen arabera, neurokimikan antzemandako desberdintasun horiei esker garatu dira eboluzioan gako izan diren beste jarrera batzuk; hala nola, monogamia eta hizkuntza. Azken aurkikuntzen harira sortutako Hominidoen jatorriaren hipotesi neurokimikoaren arabera, emeek irekiagoak eta hain erasokorrak ez ziren arrekin elkartzeko joera izango lukete, eta lankidetzan jarduten zuten arrak ehiztari arrakastatsuagoak lirateke. Gizakion aitzindariak kooperazio lanetan eraginkorragoak bilakatu ahala, lanabesak egiteko jakituria partekatuko lukete, eta, horrekin batera, hizkuntza garatuko litzateke.

Oraindik xehetasun guztiak ezagutzen ez ditugun arren, argi dago garuna dela gure espeziearen identitatearen organo nagusia. Hortaz, bertan aurkituko dugu aparteko egiten gaituen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.