Maite Larburu.
LAUHAZKA

Hegoafrikan tximistak ez dira alanbrezkoak

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Capetown: porlanezko baso enigmatiko bat. Enigmatikoa, Afrikan nagoenik ere ez baitakit. Zuhaitzak galdera ikurrez izan dira ordezkatuak. Katuak. Katuak galdera ikur garaietatik erreskatatzera etortzen dira suhiltzaileak. Hiltzaileak. Horretatik, hemen asko dago. Edo hori diote. Hau Hegoafrika beltza baita.

Baina Capetown zuria da.

Eta zuria, gure lehendabiziko kontzertua ikustera etorri den ikuslegoa, bere osotasunean.

Ardo dastaketa batera ere eraman gaituzte eta! Europatik hain urrun gaudenik ere...

Ardotxo zuria.

Gorria.

Eta beltza, gehienbat.

Gure bigarren kontzertua ikustera etorri direnak ez bezala. Gurekin biran datorren gida ez bezala. Ardo beltza, gure autobus txoferra bezala (oraingoan bai!). Beltzak garamatza, zurion agindupean. Mundu-funtzionamenduaren laburpena, hara hor.

Arbola zalantzatietatik salbatuak izaten diren Capetowneko felino elkartea atzean ari gara uzten. Zelako zortea pitxitxiena: dudetatik urrun besoetan eramana izatea. Galdera ikurrak sinplifikatzen hasi dira, okerrak ziren formak zuzentzen: hesiak, hesiak eta hesiak. Johannesburgora iritsita, hauxe da irudia: zuria, beltza eta marra zuzena. Besterik ez. Daltonismoaren bariazio batek jo digu? Ala film txuri-beltzezkoak irentsi?

Capetown baso enigmatikoa bazen, Johannesburgo kaiola bat da. Salbaturiko katu zalantzatien marruen zantzurik ez hemen. Suhiltzaileak, ordea, baina beste su hori, begien atzean den sua hiltzen dutenak, ugari. «Horrexegatik ezin zarete hortik zehar bakarrik ibili», esan digu tour managerrak. «Hemendik aurrera, gidaren atzetik ibiliko gara». Eta hala da. Ikara ez dakit sentitu ala eman egin didaten. Sagar ustelez beteriko poltsa bat bailitzan. Arriskutsua omen da. Edozer huskeriarengatik ematen omen dizute tiroa: sagar ustelkada bat, karotidaren parean. Benetan ezer ez dela irudikatu nuen bezalakoa Hegoafrikan. Bakarrik ere ezin ibili. Hoteletik kontzertu aretora, aretotik hotelera, kaiola den autobusetik, kaiola zuri den ikuslego aurrera. Edozein ate irekitzea, utopia hutsa. Lehendabizi bost hesi ireki behar dira ezertxo ere ez zeharkatzeko. Eta bost hesiak zabaltzeko, bost kode (bakoitza bost zifratakoak) memorizatu behar dira. Ate hauekin kontuak ez dira ateratzen... eta pertsonak ere ez, ateetatik. Piztia kaiolatuak, asko jota. Gauetan, kontzertu ostean, hoteleko parkiñean bueltaka ibiltzen gara laguna eta biok, nekatu eta lo hartzeko gai izango garelakoan. Zoologikoan bizitzea zer den ere Hegoafrikan ikasi nuen. Baina logikatik gutxi hartu nion nik zoo hari: zuriek beltzei lurrak lapurtu; eta ondoren, ikararen ikaraz, lur hartan hesiak erein. Beltzak ez ikusteko (zentzu guztietan).

Halako batean, ordea, kontzertu haietako batean jotzen ari ginela, ikuslegoarengana begiak zuzendu eta... miraria: «Hara, bai, posible ote da, zera, bai, benetan, ez nabil oker, egia da: beltz bat!». Horixe izan zen aldageletan esan nuen lehendabiziko gauza, lorpen ikaragarria konkistatu duenaren harrotasun xaloaz. Gauza erridikuloa orainetik begiratuta: Afrikan geunden, alajaina!

«A bai?, bua!», erantzun zidan Christinek: «Gure txoferra zen eta!».

Zer egiten genuen guk han? Arroztasun sentimendua: arroz ale beltz bat zarela sentitu, zuritasunean. Freak bat. Enpatia ote?

Nazkatu nintzen arte. Ihes egin nuen arrats batean. Mutur aurretik pasatu zitzaidan lehendabiziko autobus urbanoa hartu nuen. Leihatiletik begira egon nintzen, luze. Hesien erreinua besterik ez den lur mutur hartan, tristeziaren eta urte askotako malko meta piloen zama ia ikusi egiten zen airean, eta sorbalda guztiak, leherturik ageri zitzaizkidan. Miloika herrialde ezberdin daude Hegoafrikan, mugak kontaezinak dira, mugen baitako ispiluen mugek mugak dituzte islatzen. Hesiek banatzen baitute airea, bitan, hirutan, milaka zati ttikitan. Lurra ere mapa beldurgarri bat da, harriz, lur gorriz, armiarmez eta giza hezurrez elikatzen den burdinazko munstroaren hesi-hortzek koxkaturik.

Txikituta egotea da nazionalitatea, batzuetan.

Burdin hariei begira nengoela, derrepentean, norbaitek eskua heldu zidan arte. Ikara elektrikoa. Ekaitza zegoen gainera, urrunean. Baina ez nuen eskua aldendu. Besteak, beste eskuak, pittinka, hitzekin esan ezin dena, hatzekin esan zidan. Aspaldiko berba zahar batean; ukimeneran: «Egon lasai».

Ulertu nuen. Eta egon nintzen. Urrutiko tximistei begira.

Berak ikusten al zituen?

Ez naiz hartaz sekula errekuperatuko.

Autobus batean izan zen.

Zenbat denbora iraun zuen bidaia hark?

Nor zen, nongoa.

Zein koloretakoa.

Ez naiz, bada, gogoratzen.

Behin, Hegoafrikan, norbaitek eskutik eutsi ninduen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.