urtzi urkizu
ANALISIA

M-11ren ajeak, 15 urte geroago

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Jose Luis Lopez de Lacalle kazetaria eta El Mundo-ko zutabegilea Andoainen (Gipuzkoa) hil zuen ETAk; asteartean beteko dira hemeretzi urte hilketa hartatik. Isidro Murga Egin-eko sustatzailea duela zortzi egun hil zen. Zortzi urtez kartzelatua izan zuen Espainiako justiziak, 18/98 auzia-rengatik. Bi egitate dira horiek. Agerian uzten dute zein gogorra izan den Euskal Herrian kazetaritzan aritzea eta komunikabideak sustatzea. Lopez de Lacalleren aipamen labur bat ageri da David Jimenezen —El Mundo-ko kazetari eta zuzendari ohia— El Director liburuan. Fito Rodriguez idazleak Fake News-ak ez dira atzo goizekoak liburuaren aurkezpenaren bueltan hala esan zuen: «Literaturan Patria dena juridikoki 18/98 auzia izan zen. Orain, gauza bera egiten ari dira katalanen epaiketarekin». Lehen kolpean, ez dute harremanik El Director eta Fake News-ak ez dira atzo goizekoak liburuek. Oso ikuspuntu eta foku desberdinetatik daude idatziak. Baina badute hari fin bat: kazetaritza botereetatik libratzeko desio bat antzematen zaie bi egileei.

2004ko martxoak 11: talde jihadista batek Madrilgo hainbat trenetan jarritako lehergailuen eraginez, 193 pertsona hil ziren. Espainiako Gobernuko bozeramaile Angel Acebesek esan zuen ETAk egin zuela atentatua. Berehala jakin zen ez zela hala. Rodriguezek ohartarazi du: «Arazoa ez da martxoaren 11ko atentatuen atzean ETA ez zegoela esatea; kontrakoa, faltsua izan arren, sinesgarri bihurtu zela baizik». Jimenezek bere liburuan aitortu du: «Pedro Jota Ramirezek [orduko El Mundo-ko zuzendaria] PPren gobernuaren bertsioa sinestu zuen, eta errealitateak erakutsi zuenean hori ez zela horrela, zuzendu beharrean aurreraka ihes egiten hasi ginen. Horrek eraman gintuen urteetan ustezko ikerketa batzuk argitaratzera, konspirazio handi baten teoria baieztatzeko». Jimenezek kontatzen duenez, soilik Sindo Lafuentek eta Borja Etxebarriak egin zioten aurre zuzendaritzari, eta konspirazioari buruzko gezurrak webgunean ez argitaratzea erabaki zuten. Biak kaleratu egin zituzten.

El Director liburuan, ezizenak erabiltzen ditu El Mundo-ko zuzendari ohiak egunkari barneko azpijokoak eta traizioak kontatzeko. El Cardenal aipatzen du behin eta berriz, eta leporatzen dio PPko eta IBEX 35eko lagunen alde jokatzea, «kazetaritza bazter batean utzita». Antonio Fernandez-Galiano da pertsonaia. Enpresaria eta 2011tik Unidad Editorial taldeko presidentea, enpresa handien interesen defendatzailea: Telefonicak, Banco Santanderrek eta Corte Inglesek, besteak beste, hedabide handiekin dituzten itzalpeko akordioak bete daitezen urte luzez arduratu izan dena. Jimenezek, halaber, zehazten du: Juan Luis Cebrianek (Prisa), Pedro Jota Ramirezek (El Mundo; orain, El Español) eta Luis Maria Ansonek (ABC eta La Razón) «intzestuzko gertutasuna izan dute establishment-arekin». Gertutasun horrek ezin du ezer onik ekarri kazetaritzarentzat, ezta egiaren bilaketan saiatu nahi duten komunikabideetako kazetarientzat ere.

Ez adibide horregatik bakarrik, baina neurri batean horregatik ere funtsezkoa da Euskal Herriko komunikabideen independentziaren aldeko posizio irmoa eta tinkoa edukitzea herri honetako agente guztiek: bai hedabideen arduradunek, bai kazetariek, bai erakunde publikoek ere.

Gertakizunen egiazko kontakizuna ardura handiko kontua baita, eta kazetarien sinesgarritasuna benetan gai serioa baita. Pertsonen bizia egon daiteke kasu batzuetan arriskuan. Rodriguezek ohartarazten du: «Gezurra izanda ere, fake news-ak performatiboak dira, hau da, Pigmalion efektua eragiten dute. Iruñeko Angel Berrueta, demagun, bizirik legoke 2004ko martxoan, hedabideek beste jarrera bat izan balute». Madrilgo atentatuetatik bi egunetara, polizia batek eta haren semeak hil zuten Berrueta.

Eta gertakizunen egiazko kontakizun horretan, behar-beharrezkoak dira formakuntza ona eta esperientzia duten kazetariak. Prekaritate itogarririk gabe lan egin ahalko dutenak. Zenbait boterek eraiki nahi izaten dituzten sasi-egiak eta gezurrak auzitan jarriko dituztenak. Berrueta gehiago egon ez daitezen.

Asko dago jokoan, dena baitago kontatzeko. Zorroztasunez dagoelako kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.