Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Aukerak

2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Mariana Euskal Herrira etorri zenean irten zen lehen aldiz Nikaraguako oihaneko bere herrixkatik. Bila joan gintzaizkion, eta aireportuko tabernan ezagutu nuen lehen aldiz. Giza legez, zerbait hartzera gonbidatu nahi izan nuen harrera egitearekin batera. «Zer edan nahi duzu?» esan nion; «zer dago?», galdera eginez erantzun zidan berak. Harritu egin nintzela ikusita, berehala argitu zidan bere herrixkan ez zela aukerarik izaten ia ezertan, eta edateko kontuetan, etxean egindako zerbeza modukoa baino ez. Beraz, dagoena nahi izatera ohituta zegoela bera. Ugaritasuna berez ona dela erakusten digun munduaren izkina honetan hezitakoa naiz ni, alta, eta kostata baino ez dut ulertzen nolakoa den aukera-bakartasunean egitea eguneroko bizitza. Zortekoa naiz, dudarik ez: jateko, edateko, janzteko, irakurtzeko edo telebista ikusteko aukera bakarra izatea ez zait sekula tokatu, gogoratzen dudanetik behintzat. Asko egoten da nire inguruan aukeratzeko, zernahi delarik hautua.

Nafarroako Gobernuan buru den Barcina anderea ez zen ni bezainbeste harrituko Mariana lagunaren erantzunarekin, nik uste. Ongi ezagutzen baitu, praktikaren praktikaz, zertan datzan aukera bakarreko hautuaren amarrua. Barcina andereak, eta berdin bere aurretik bide berbera egin duten beste askok ere, ongi daki gurean ere berdintsu funtzionatzen duela askotan buruak: dagoena nahi izaten dugula, alegia, ikusten dena, nabarmen ageri dena eguneroko bizitzan. Alderantziz, ikusten ez dena ez da desiragarria suertatzen, ahalik eta norbaitek begien aurrean jarri arte. Horregatik ezabatzen dira euskaraz idatzitako bide-seinaleak. Horregatik zelatatzen dira bertako maisu-maistrak batere lotsarik gabe, aldeko hedabideen bitartez hauspotuz gezurraren sugarrak. Horregatik miatzen dituzte eskolan erabiltzen diren testu-liburuak, irudi eta mapak, aipurik txikienak ere. Horregatik ukatu egiten da kultura propioa badela, mintzaira bera ukatzea ezinezkoa den leku eta egoeratan. Ikusten denak, dagoenak erakarri egiten gaituelako. Horrexegatik, euskararik batere ez egotea nahi dutelako, belaunaldi gazteei «hizkuntza hori» ez erakustea ez da kapritxo hutsa. Ez da burutazio burugabea: ez da dirudien bezain absurdoa, bestela esanda.

Beraz, zintzoa izate aldera, Barcina andereari zuzen dagoela aitortu beharko genioke. Izan ere, eskola aukera-aniztasunerako lehen ate printzipala da; ate handi eta aukeraz beterikoa. Eskolak munduak bere baitan mundu txikiak biltzen dituela erakusten duelako, geure mundua ikusteko eta ulertzeko betaurrekoak ematen dituelako. Irakaskuntzak bere lana behar bezala egingo badu, hautatzeko gauza diren ikasleak eman beharko lituzke eta, jakina, ez dago hori baino arriskutsuagorik aukera-bakarraren mundu itsuan irautea nahi duenarentzat. Wert-ek espainiartu nahi zituen ume kataluniarrengandik gertu nahi lituzkete haur nafarrak. Dagoena edanarazi, besterik egon zela eta egon daitekeela ahazteraino.

Euskara ia desagertzerako eraman izan du zentsura sistematizatuak Historian zehar eta beraz, adibiderik ez zaie faltako. Eskolan eraztuna jartzen zioten euskaraz hitz egiten harrapatzen zuten umeari, eta hark beste euskaldun despistaturen bat bilatu behar izaten zuen lotsaren eraztuna kenduko bazioten. Iturri berbera da, garaiak eta moduak aldatu badira ere.

Horregatik, dagoena (ikusten eta ikasten dena) nahi izaten dugulako, Nafarroako zonifikazioa behingoz desagertzea nahitaezkoa da euskarak aurrera egingo badu bertan. Bertako alderdi politikoen artean adostasun-printzak ageri dira azken bolada honetan. Poztu nau litekeen batasun horrek, bide berri bat zabaltzen duelako. Eta askoz gehiago poztuko nintzateke bide horretan urrats gehiago egiteko borondateari eutsiko baliote. Behin horretan ados edo, jarriz gero, adibidez, Euskalerria Irratiarekikoa etor liteke ondoren, eta antzeko beste zenbait. Tamalez, zerrenda luze-luzea da.

Marianak ongi ulertuko du hemen azaldu nahi izan dudana. Ea bihar bertan harekin elkartzeko modua egiten dudan. Txakolin-parea edateko deituko diot, probatu duenez geroztik, izugarri atsegin du-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.