LAUHAZKA

Deserosoa

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Kirioak dantzan hastea, oilo azala agertzea, izerditzen hastea, musua gorritzea edo tripako mina agertzea. Deserosotasuna modu ezberdinean ager daiteke gurean gorputzaren arabera. Ohiko arauetatik ateratzen den zerbait gertatzean suertatzen zaizkigu horrelako erantzun kontrola ezinak. Gure menpetik ihes egiten duten jarrera hauek arrazionalizazioaren boterea zaborrontzira botatzen dute, alde inkontzientea azaleraziz. Eta gorputzaren zein burmuinaren boterearen aurrean jartzen gaituzte.

Egunerokotasuna arautzeko lege esplizituekin zein ezkutuekin talka egite horretan, kontrolik gabeko momentuak sortzen dira. Deserosotasunak deserosotasun, momentu emankorrak izan daitezke horiek, hain justu, aukera aparta izaten baitira ezusteko amaiera bat emateko eta, gutxi batzuetan, idatzita ez dauden lege horien gainetik pasatzeko.

Besteetan, eroso ez sentitze hori gatazka politiko bat dagoenaren seinale da. Berdin da kuadrilla giroan diru eske datorren norbaiti erantzun bat eman beharra izatea edota tokian tokiko ezkerreko gobernuak garatutako neurri bat defendatu beharra, okerra iruditu arren. Diren modukoak direla, mamitsuak dira urduritasuna sortzen duten egoera politikoak.

Izenda ezina den horrelako egoera baten aurrean egon naiz azkenengo Korrikan. Zehatzago esateko, petoa ikustean: bertan agertzen zen publizitatea soinean eramatea ez zitzaidan gustatu. Ez dut uste Euskaltelek eta Euskadiko Kutxak nire gorputzean horren agerikoa den toki batean egoteko eskubiderik dutenik. Are gehiago, ez dut uste milaka euskaldunen gorputzen toki garrantzitsu horietan egoteko eskubiderik dutenik.

Beraz, aitortu behar dut, deseroso sentitu nintzela petoa janzten. Inork ez dit esan behar ez dela horrelako propaganda agertzen den lehen aldia, hala ere, horrek ez dio egoerari garrantzirik kentzen, ez eta atzeko esanahia samurtzen ere. Hori baino, esanen nuke normaltasun handiegiz barneraturik dagoela petoetako publizitatea eramatea Korrika bezalako lasterketa herrikoi batean.

Korrikaren asmoa AEKrentzat dirua ateratzea da. Horretarako kilometroak erosten dira, hiriek dirua jartzen dute, material ezberdina saltzen da, bonuak egiten dira eta abar luze bat. Dirua ateratzeko gauza asko egitea zilegi da, dudarik gabe. Baina ezin dugu gainetik pasa agian gauza guztiak ez direla zilegi dirua lortzeko. Edo eman baino gehiago jasotzen dutela. Nik behintzat hala uste dut.

Komunikazioa eta balore immaterialak dira egun errentagarrienak talde ekonomiko handientzat, giza sareetatik ateratzen baitituzte bezeroak eta hori baino garrantzitsuagoa den zerbait: haien inguruan irudi on bat sortzen dute. Eta azkenekoz, herritarra den ekitaldi garrantzitsuenetariko batean zentralitate osoa lortzea eta hori modu batean kolonizatzea da dagoen gauzarik errentagarriena. Beraz, ezin izan dut burutik kendu galdera hau Korrikan parte hartu nuenetik, norentzat da errentagarriagoa Korrikan parte hartzea AEKrentzat edo Euskaltelentzat? AEKrentzat edo Euskadiko Kutxarentzat?

Ehunka miliaka milioi maneiatzen dituzten enpresa horiek gaur egun Euskal Herrian dagoen ekimen handienetarikoaren toki garrantzitsuenetariko batean egon behar dute? Nik argi daukat galdera honen erantzuna. Eta susmoa daukat, ni bezalako milaka euskaldunek ere argi dutela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.