Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Adimena artifiziala da

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Asteazkena zen Maiatzaren Lehena, lana egiteko aprobetxatu nuen langile klasearen eguna, artikulu hau idazteko. Baina jai hartu banu ere, ezer egin ez banu ere, sakelako telefonotik tarteka Interneten sartu eta nire unean uneko jakin-min aski bideratuari erantzuna bilatzeko informazio oldeetan surfeatzen aritu banintz ere denbora pasa, lanean arituko nintzen, lanean ari naiz beti. Bizitzaren erdigunean, ezer egotekotan, lana dago.

Ez dut esan nahi lana dela bizitzaren ardatza, eta horren inguruan eraikitzen dela gure egunerokoa. Ez da hori bakarrik: gure bizitza bera da lanerako lehengai nagusia. Gure emozioak, gure jakin-mina, gure bizipoza bera ere, lanera daude aspaldi bideratuta. Dena esatera, lanera baino autoesplotaziora. Ez dakit irakurri duzun Remedios Zafraren El entusiasmo saiakera, zapla ederra ematen dizu.

Baina nork bereak uste dituenak bakarrik balira sikiera, gaitzerdi. Eraman dezaket, jasan dezaket, batzuetan behintzat, nire bulkadak eta desioak lanera bideratzea, lanari ematea nire jakin mina, baina zailagoa egiten zait, miserableagoa sentitzen naiz, neure bizitza bera ematen diodanean, batez ere lagunak, adiskideak, afektuak. Espainolez irakurri nuen Paolo Virnoren Grammatica della moltitudine. Per una analisi delle forme di vita contemporanee, eta harrezkero beste bat naiz, itsusiagoa neure begietara.

Adibide bat: Tabakalerako kultur zuzendari berria aurkeztu dute egunotan, eta bere harreman sarea nabarmendu dute, «elkarlan-sare zabala» hitzez hitz, bere gaitasunen pareko. Hori da gure gaurko patu malapartatua: harremanak egiteko gaitasuna da gure tasunetan inportanteena.

Bizitza bera da lanari ematen dioguna. Kapitalari.

Zutabegileetan maiteena Danel Agirre dut. Otsailaren 22an argitaratu zuen Gipuzkoako Hitza-n (beste) zutabe antologiko bat: Burgosko lursaila baino are hobea. Egia esan, joan zen hileko artikulua ere horko ideia batetik abiatuta hasi nintzen idazten, nahiz eta gero beste kontu batzuetara joan gogoa. Ez dakit inork serio hartu duen ideia hau, hil ala bizikoa da, bestela geure bizitzak ezin bizitzea dakarrelako, arestian esan bezala:

«Sinesmen berberak bateratzen gaitu aipatu adiskide pesimistok: laneko gure egoera errotik aldatu ezean laster gaixotuko garelako konbentzimenduarekin bizi gara. Itolarria, etengabeko akidura, etorkizunari beldurra. Enpleguak eragindakoak dira guztiak. Eta hortxe lagatzen gaituzte salduta, behin eta berriro, aho txikiarekin beharginen alde ari diren indar politikoek. Lan baldintza duinagoen promesaren zepoan katigatuta segitzen dute, baina askoz sinpleagoa behar luke programak: ordainpeko jardueren aroa gainditzeko bideari ekitea herritarrei proposatzea».

Teknologiak lanetik askatuko gintuen fedea ez da berria, baina justu kontrako bidea hartzen ari dela dirudi. Amazonen makinak daude jendea kalera bidaltzea erabakitzeko. Produktibitatea neurtzen dute, bai eta langileak atseden hartzen duen denbora ere, eta aurrez ezarritako neurria ematen ez badute, kalera bidaltzen dituzte. Hori ere ez da berria, baina adimen artifiziala esaten diogun horrek denbora gutxian hartu duen indarra izutzekoa da. Utopiak ez eta distopia guztiak betetzen ari direla sentitzen dugu gaur.

Anekdota bat da kontatu nahi dizudana, baina apofenia daukat antza, azkenean ikasi dut nire gaitzaren izena, eta paradigma aldaketa ikusten dut edozertan, eta beti okerrera. Beste hipotesia sendoagoa da akaso: zahartzen ari naiz.

2018ko urriaren bukaeran atera zuen Christie's etxeak Edmond de Belamyren erretratua enkantera, Adimen Artifizialak sortutako lehen koadroa omen. Erosleak, telefonoz, 432.500 dolar ordaindu zituen artelanagatik, sinadura berezia zeramana: algoritmo bat. Antza denez, Frantziako Obvious kolektiboak sortu zuen algoritmo hau, aurrez sortutako GAN bat erabiliz (Generative Adversarial Network). Algoritmo honek bi zati omen dauzka: batetik Sortzailea, eta bestetik Baztertzailea, eta Obvious kolektibokoek alde Sortzaileari XIV. mendetik XX. mendera bitarte margotutako 15.000 erretraturen datuak sartu dizkiote, honek berria egin dezan, eta ikusi ahal dugun emaitza alde Baztertzailea engainatu ahal izan duena da, benetako erretratu bat dela sinistu baitu, eta beraz, ontzat eman.

Marcel Duchampek pixatoki bat erakutsiz engainatu ahal izan zuen alde Baztertzailea, duela ehun urte. Zer egingo ote luke algoritmo horrek, erretratuak sartu beharrean XX. mendeko arte abstraktuaren datuak sartuko balizkiote? Zer emaitza emango luke ontzat alde Baztertzaileak? Ezaguna egingo litzaiguke? Artea jarraituko luke izaten? Balioko liguke ezertarako, pareta bat dekoratzekoz beste? Edo Hito Steyerlek esango lukeen gisa, zertarako da artea, kapitalismoa edertzeko besterik?

Edmond de Belamyren erretratuak gauza bat utzi baitu agerian: artea ez dago artistaren eskuetan edo buruan bakarrik, artea batik bat ikuslearen begietan edo buruan dago.

Artifiziala, definizioz, gizakiak egina da. Gizakion adimena bai dela artifiziala, egunez egun eta mendez mende eraikia, milioika lagunen bizitzekin. Eta heriotzekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.