LAUHAZKA

Maravillas eta kontraesanak

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Hiru aldiz. Maravillas gaztetxea hirugarren aldiz hustu dute abuztutik urtarrilera. Azkeneko bi hustuketa horietan, Iruñeko Alde Zaharrean aspaldi ikusi gabeko irudien flashback gordina izan dugu: polizia okupazioa, pilotakadak, manifestaldiak, taberna itxiak. Aste honetan atxiloketak ere gertatu dira. Ondorioa: egun, Iruñean ez dago gaztetxerik—auskalo testu hau idaztetik argitaratu arte pasatu diren egunetan egoera aldatu ote den—.

Iruñeak nahasmendu eta ziurgabetasun handiko egoera politikoa bizi duenez, gai guztiak dira garrantzitsu etorkizunerako. Horregatik, ez dago hiri osoan berriketa lekurik gaztetxearen inguruan iritzi borobil sendorik ez duenik. Maravillasen egoeraren konponbidea erronka handia da. Antolakuntza eta sorkuntza esparru den proiektu horretan pentsatzeko, komeni da hiru ildori erreparatzea. Bestela, motzera jo dezakegu.

Esparru autonomoa

Gaztetxeak, esparru autonomo gisa, alderdi zein sindikatuen interesei erantzuteko beharrik ez du, funtzionamendu propioa dauka. Hala demostratu dute Rozalejoko markesaren jauregira sartu zirenetik, eta hori izan da azken hilabeteetan hartutako erabakiek adierazten dutena. Izan ere, hori baita gaztetxe edo zentro sozialen bertutea.

Ez du, beraz, hiriaren interesen eta erakundeek dituzten beharren aurrean haien gustuko erantzunik eman behar.

Gentrifikazioa

Iruñeko Alde Zaharra gentrifikazio prozesu gordinean sartuta dago duela urte batzuk. Azkeneko hilabeteetan egoera are larriagoa bilakatzen ari da, Alde Zaharrean 227 ohe izan ditzakeen hostel bat irekitzeko proiektua dagoelako mahai gainean. Fenomenoaren ikur batzuk azaldu dira jada: alokairuen igoera, betiko denden itxiera, kateak osatzen dituzten dendak irekitzea, taberna gehiago egotea, turismoa egiten duten pertsona kopuruaren igoera, eta betiko auzokideak kanporatuak izatea. Udalak, hala ere, legealdi honetan ez du jakin egoera bideratzen, eta ez du fenomeno horiek guztiak kontrolatzeko neurririk hartu.

Argazkia

Konplikatua da, beraz, egoera kudeatzea. Ateak itxi nahi ez dituen gaztetxe bat, gentrifikazio prozesu sakonean murgilduta dagoen auzoan. Interes ezberdinak dituzten aktore politikoak beren tresna guztiekin aritu dira egoera kontrolatzeko ahaleginean. Hortaz: emaitza onik izan ez duten negoziazioak (EH Bildu); komunikabideen erabilpena erakundeen iritziak azaltzeko —Geroa Baiko Barkosek eskutitz bat argitaratu zuen Diario de Noticias egunkarian iraileko igande batean—; kritika gogorrak gaztetxekoen aurka —Aldaketa ez zaintzeagatik— sare sozial, asanblada zein kaleetan.

Denek dute ardura: Udalak, gaztetxearen barruan jarduera publikoak debekatzen; eta Nafarroako Gobernuak, kanporaketa gauzatzen eta horretarako polizia erabiltzen.

Hala ere...

Enpresen logikatik gero eta gertuago kudeatzen diren hirietan, errentagarritasunaren ikuspuntutik funtzionatu nahi ez duten tokiak egotea altxor bat da. Halakoetan, antolakuntza eta esperimentazioa gauza daitezkeelako bermea dago. Hori da gaztetxeak defendatzeko arrazoia. Neoliberalismoaren hiri gordinetan bizi garenok errentagarritasunaren logiketatik kanpo egoteko aukera dugu horrelako tokietan. Hirirako eskubidea gauzatzeko tokiak dira horiek.

Gaztetxeetan problemak daude. Ados. Gauza ulergaitzak gertatu daitezke. Bai. Baina erne ibili, Aldaketa amaituko da eta kudeaketaren ispilatzea desegingo da, baina gaztetxeek hor jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.