Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Bihotzaren arrazoiak

2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bihotzak baditu arrazoiak, adimenak ulertzen ez dituenak», idatzi zenuen, Pascal. Sinesten dut benetan aritu zinela, sinesten baitzenuen pentsatzen zenuena, eta pentsatzen, sinesten zenuena. Existentziari zentzu bat bilatu nahia existitzeko era bat da. Nik ezin dut pentsatu sinesteko adina. Pentsatzen dut, pentsatzeko gai naizelako. Eta gaitasun hori gutxi darabiltenak xaxatzeko. Ez darabiltenei burua gatz-bola bihurtzen zaie, lehia daitezen nork gehien miaztu berea, egokitzapen naturalak mihia neurrian luzatu badie. Naturaren errorez labur geratu zaienentzat, nork/nori aplikazioa dago. Natura ez da inoiz erabat erratzen.

Pentsatzen dut, pentsatu gabe ez delako bizitza, nahiz eta jakin, pentsatuz, zaila izango dela. Beharbada, ez dut jakin bizitzen, baina jakin dut bizi nintzela. Kontzientzia baten jabe izatea ez baita nahikoa. Kontzientziaren jakile izan behar duzu, jabetza horrek gogo-atsegin bereizi bat eman deizun. Zertarako duzu edertasuna, soinean zer daramazun jakile ez bazara, gutxienez galiforme baten neurrian?

Nietzschek idatziko zuen: «Pascal, ia maite dudana, gauza infinituak irakatsi dizkidalako. Kristau logiko bakarra». Nik «ia» gabe maite zaitut, zeren, itxura apal batean, oso jakile baitzara zeure kontzientziaz. Eta, agian, zeure kontzientziaren edertasun bereiziaz. Nahiz eta ni zure pentsaeraren kontrapuntuan egon.

Pentsatzen dut, pentsatzen duenak beti asmatzen duelako zerbait, errorez bada ere. Eta susmoa daukat ondo pentsatzen ikasi nuela, pentsatzea alferrik zela ikusi nuenean. Planeta honen dominatzaileak ez dira molestatzen pentsamenduari jarraitzen, ez iritzi-artikuluak idazten. Pentsamendua, horientzat, anekdota bat da. Nik jarraituko dut pentsatzen, batzuetan egia ez baita hain erlatiboa. Denek sinesten duten gezurra egia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.