Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Biharamuneko aje morea

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Zuek hor, gu hemen. «Whatsappez atzo zabaltzerik izan ez zenituen argazkiekin ari zaren bitartean, edo sare sozialetan patxadaz zabiltzan bitartean, gu Landaberri saioarekin hasiko gara». Horrelako dotoreziarekin ekin zion Arantxa Artzak saioari atzo, 09:00etan, Euskadi Irratian. Horixe baitaukate asteburu goizetako irratsaioek kontra, are gehiago historikoa izan bada bezperakoa. Pui Arrieta artzainarekin eta Mikela Untsain erlezainarekin Artzak eduki zuen solasaldia arretaz segi ez zuenak eskura dauka podcast-a.

Emakume kantariak. Gertukoak zein mundu zabalekoak entzun ziren goizetik gauera herenegun EITBko irratietan. Gizonen futbol ukitu ezinari eta Alberto Negro edo Haritz Gallastegiren garrasiei ere planto egin zioten, egin kontu! Grebak errealitate askori eman zien ikusgarritasuna. Horietako bat: pop-rocka ez dela hain maskulinoa, eta ezin konta ahala musika irratsaio osa litezke soilik ahots femeninoz osatutako abestiekin. Orain ematen dituztenak bezain onak, edo hobeak maiz.

Gerra deklarazioa. Bost alderditako (PP, PSOE, C's, Podemos eta Vox) emakumeekin solasaldia antolatu zuen Angels Barcelok ostegunean. SERek helburu bikoitza bete nahi izan zuen horrela. Batetik, genero ikuspegitik diskurtso beldurgarria daukan Voxi eman zion protagonismoa, nahiz eta erakundeetan ordezkaritza soilik Andaluzian eduki, eta han bosgarren alderdia izan. Era horretan, Sanchezen estrategiari eskaini zion laguntza, helaraziz PSOE dela botorik eraginkorrena erauntsi faxista gelditzeko. Bestetik, mezu argia igorri zien «periferiako» nazionalistei, katalanei batik bat: zuei ez baizik eta faxistei ahotsa emanez entzuleei jakinaraziko diegu feminismoaren gainean ez daukazuela proposamenik egiteko, automata monotematikoak baizik ez zaretela.

Jomuga zehazten. Badirudi independentistak direla SER benetan gogaitzen dutenak. Erretolika hutsa dela «periferiako nazionalistei entzun beharraren» mezua, maiz Angeles Barcelo, Pepa Bueno eta Carles Francino esatariek zabaltzen duten hori. Ostegunekoa irratiak azken aldian bizkortu duen jarrera beligerantearen beste atal bat izan zen. Izan ere, ikusi besterik ez dago nola ari diren jorratzen epaiketa, nortzuen deklarazioak ari diren indartzen, norenak gutxiesten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.