Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Presakako kazetaritza

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
'Nezesidadea'. Igandean Donostian erasoa izan zen Jose Luis Lancha errenteriarra astelehenean hil zen. Asteazkenean, Ertzaintzak susmagarri baten atxiloketaren berri eman orduko, korrika batean alabarengana joan, eta mikrofono eta fokuak jarri zizkioten. «Minez gaude, baina kontsolatzen gaitu jakiteak hiltzailea atzeman dutela», esan zigun hainbat hedabideren aurrean, tartean EITBn. Gutxira, baina, atxilotua aske utzi zuten, kargurik gabe. Galderak pilatu egin zaizkigu, kasu honen sekuentzia ikusita. Zer nezesidade zeukaten kazetariek horrela jokatzeko, gorpua bero zegoenean oraindik, eta are beroago haren ingurukoen emozioak? Ez ote zen hobe familia bakean uztea bere saminean? Familiak pertsona errugabe bat hiltzailetzat jo du jendaurrean, eta hatzez markatze injustu horretan zenbateko konplizitatea eduki dute kazetariek? Esposizio mediatiko horrek mesede psikologikorik egiten al die biktimaren senitartekoei?

Ezjakintasun aritmetikoa.50 eserleku dituen Nafarroako Legebiltzarrean Navarra Sumak hogei legebiltzarkide ditu, baina Joseba Arregik, El Mundo egunkarian idatzitako artikuluan, gehiengotik eserleku bakarrera dagoela esan zigun asteazkenean; asmatutako aritmetika horixe izan zuen argudio nagusienetakoa eskuinaren aldeko aldarria egiteko. Herenegun, Chelo Apariciok Arregiren arrazoinamendu kalkatua azaldu zigun, aritmetika faltsu berbera erabilita, Ganbara-ko tertulian. Danilo Albin eta Miguel Aizpuru tertulia kideek zuzendu egin zioten akatsa, baina hark ez zuen zuzendu, ez zion barkamenik eskatu inori. Entzuleok errespetua merezi baitugu: denon artean ordaintzen diegu, irrati publikoan jardun dezaten. Kontratatzen duenak ere zorroztasun handixeagoa exijitu beharko lioke, suposatzen baita entzule arruntok baino dokumentatuagoa dagoelako eskaintzen diotela mikrofonoa.

Agur, apustu etxeari. Maiatzaren joanarekin batera akabo kirol apustu etxe baten iragarkia gaueroko Fuera de juego saioan (REn, 23:15). Hasierako tituluen ostean irratia entzuten segitzeko gogoa zapuzten ziguna, kirolzale amorratu zintzoa limurtzen saiatzen zena dirua joka zezan, hori kirolzaletasunaren segida naturala zela esanez. PVCzko leihoen iragarki batek ordezkatu du. Bake ederra, halaber, saioko gidari Diego Aranbaltza eta gainerako esaleentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.