Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Nortzuk lehenetsi argazkian

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Nork protagonismoa? Albistegietan zenbait gertakariri buruzko berriak nola formulatzen dizkiguten ikusita, ezinbestekoa da galderak jaurtitzea airera, kazetaritzan oinarrizkoak omen direnak. Zer da mamia hor? Nor protagonista? Nor eta zer bigarren mailako elementua? Ziria sartuko digute batzuetan, eta di-da irentsi ergel batzuen moduan. Baina hain begi bistako uzten digute besteetan... Atzo, azkenekoz: Limpias herrian (Kantabria) 36ko gerran hilobiratutako dozenaka euskaldun, kantabriar eta asturiarren alde egin zen aitorpen ekitaldiaren harira, «Eusko Jaurlaritzako eta Gogora institutuko ordezkariak Limpiaseko ekitaldian izan dira», esanez zabaldu zuten albistea REn, 15:00etan. Alegia, gertakaritik pertsona publiko jakin batzuen presentzia zen nabarmendu beharrekoa. Bigarren planoan utzi behar ziren, antza, beste zenbait xehetasun: 81 urtean ezkutuan egon diren makina bat biktima argitan jarri eta omendu izana, hainbat senitarteko bertaratu eta beren bizitzako egunik hunkigarriena bizitu izana seguruenik… Gertakariak jakinarazteko eskema interesatu horiek entzun, ikusi edo irakurtzeko, nahikoak beharko genituzke erakundeen webgune ofizialak.

Sistemaren okerra. Eva Domaika esatariak orain sei urte Barakaldon (Bizkaia) etxe kaleratzearen atarian bere buruaz beste egin zuen Amaia Egaña izan zuen gogoan bere minutu eskaseko ohiko hausnarketan, ostiralean (Ser katea, La Lupa, 07:55). Haren heriotza mugarritzat jo zuen; eztanda-eragile izan omen zen erakunde publikoak, justizia eta bankuak mugi zitezen. Bihozkadak adierazten omen dio, oraingoan ere, Maguette Mbeugouren erailketak antzeko lurrikara sor dezakeela. Ikusteko dago nahiko zantzurik ba ote den itxaropenik agertzeko. Hots, nahikoa ote den, soziologikoki aztertzen zailak diren arrazoiak direla medio kasuak hedabideetan eta gizartean bereganatu duen zirrara. Nahikoa ote den, konparaziorako, atzo REko El Parlamento de las Ondas tertulian politikariak serio antzean jardun izana ordubeteko monografikoan, eta mordoxka izatea entzuleek horiei igorritako Whatsapp mezuak? Delituei izen-abizenak jartzea lanbidea duten epaileen epaile den Juan Luis Ibarrak heriotza «sistemaren okerrari» egotziz, eta, era horretan, erantzukizunak linboan diluitzeko formula dotorea erabiliz, bide onetik al goaz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.