Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Dr. Jeyll eta Mr. Hyde

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Alonsoren bitasuna. Bikote ohiari tratu txar fisiko eta psikologikoak eragiteagatik Miguel Alonso Belza Donostiako abokatu ospetsuari zazpi urteko kartzela ezarri diotela eta, atzera begira jarri gara Herri Irratiko entzule izan ginen asko, ziur. Gogora etorri zaizkigu Mariano Ferreren saioaren osteko tertulietan abokatuak eta Mikel Aramendik eskaini ohi zizkiguten xextra dialektiko ezin ilustragarriagoak, euskal auzia, biolentzia, justizia... gaitzat hartuta. Espainiako justiziak gaizkile konpultsibotzat jo duen gizona estatu aparatu guztien bondadeak —justiziarenak, batik bat— defendatzeagatik eta euskal gizarteko sektore batek eragiten zuen biolentzia gaitzesteagatik nabarmentzen zitzaigun tertulian.

Iranchutik Machora. Marta Macho zientzia dibulgatzailea jarri dute Arantxa Urretabizkaiarekin batera irailaz geroztik A tres bandas tartean, MQP asteburuetako magazinean (larunbatetan, 11:10ean). Aktualitateak isurtzen duen matxismoa —makroa eta mikroa— detektatzeko betaurreko moreak janzten dituen tarte galdu ezinekoaz ari gara, Almudena Cacho gai jartzaile eta Goizalde Landabaso entzuleen iritzien laburbiltzaile dituena. Urretabizkaiak Maria Unanue izan zuen bikote hastapenean, Irantzu Varela azken urteetan. Gizartean indartsuki eta argumentuz zamatuta adierazten ari den feminismo berrituaren ordezkari perfektuak ziren Unanue eta Varela. Bazirudien haien aktibismoa eta Urretabizkaiaren eskarmentuaren ahotsa konbinatu nahi izan zituztela. Oraingoan, moldez eta edukiz pareko diskurtsoak dituzten bi ahotsen aldeko apustua egin dute.

Belarri tiradizoa. Txorierri egunero hirutan zeharkatzen duen kamioilari-entzule baten mezu gordina irakurri zuen Maider Martinek ostegunean Boulevard saioko albistegian. Gehienetan errepideei buruzko informazio okerra eta denboraz kanpokoa helarazten dutela leporatu zien kazetariei. Hari erantzunez, Dani Alvarezek adierazi zuen derrigortuta daudela Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren informazio ofiziala ematera, eta ezin dutela hori kontrastatu. Barkamenak eskatu zituen, egia bada informazio okerrarena. Kamioilariak dioena egiazkoa balitz, badute zer hobetua instantzia ofizialek eta EITBk. Ez baita oso ulergarria euren arteko komunikazio baldar hori, XX. mendekoa dirudiena, teknologia hipermodernoen aroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.