Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Jokabide miresgarriak

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Bittorirena, ispiluan. Miresgarria izan dela Portugaleteko herritarren jokabidea. Hala esan digute alkateak eta hedabide guztiek, 94 urteko Bittori gajoari bere etxea berreskuratzen laguntzeagatik. Auzitegi Nazionaleko edozein epailek, mozal legea eskuetan, Portugaleteko herritarrek delitua egin dutela deliberatu zezakeen, horretara jarriz gero. Auzitegi Gorenak Portugaleteko herritarren jokabidean sedizio zantzuak topa zitzakeen, horretara jarriz gero. Eta instantzia juridiko horiek erabaki zezaketen Ertzaintzak legea bete zuela etxe-lapurrak babesterakoan, eta legez kontra jardun herritarrekin bat egin zuenean horiek kanporatzerako. Baina ez espero halakorik, nahiz eta «legez kanpo ezer ez da zilegi» kopla belarriak zulatzeraino entzun.

Hiru ipuin. Francisco Jose Delgado esatariak SERen eliteko futbolari eskaintzen dion irratsaioan (Ser deportivos, 15:00-16:00), kirolari ospetsuen hiru istorio eredugarriren ipuina kontatu zuen asteazkenean, honako protagonista hauekin: arrakasta gaizki kudeatzeari buruz mintzatu den Bufon Italiako atezaina, krisi klimatikoa salatu duen Hamilton pilotua, eta bullying-aren aurka kanpaina egingo duten saskibaloiko hemezortzi talde. Bezperan, Delgadoren irrati-lankideek (Manu Carreñok eta bere troupak) Pep Guardiola entrenatzaileari aholkatu zioten mihia atzeko zulotik sartzeko. Ikusia dago nazionalismo espainiarra tarteka azaleratzen zaien kirol irrati esaleei ez diela min ematen kirol munduko edonork iritzi sozial edo politikoak ematea. Bai, ordea, iritzi horiek euren nazionalismoarekin kritikoak izatea; are gehiago, Europan zabaltzen badira.

Txanponak bi alde. Horixe erakutsi digu Dani Alvarezek elkarrizketatzaile gisa Radio Euskadiko Boulevard saioan egunotan, berriz ere. Zorrotz boterearentzat nekoso direnekin (Mitxel Lakuntza, ELA sindikatua), eta gozo boterearekin (Isabel Celaa, Espainiako Gobernuko bozeramailea). Kontraesanak nola harrapatu batekin. La Sextako Ferreras nola, Izetarekin luzitzeko bidea emanez, bada holaxe bestearekin; elkarrizketa ez mikaztearren, ez zion galdetu ezta hezkuntza sailburu izan zen garaietako eskoletako jangelen auziari buruz (80 milioi euroko gainkostua), nahiz eta aurreko astean Eusko Legebiltzarrak berretsi Jaurlaritzak erantzunkizun politikoa eduki duela auzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.