Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Kontatu digutena

2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Askapenak antolatutako brigada feminista tarteko, lagun bat Palestinan izan zen duela gutxi. Han zegoela, bere berri izan genuen tarteka, bizitzen ari zen esperientziaren lagin txiki bat imajinatu ahal izateko adina. Hemen lur hartu eta egun gutxira izan nuen berarekin egoteko aukera.

Hasierako elkarrizketa protokolarioa martxan jarrita, etorkizun hurbilean lantoki izango dugun sotoan geunden biok, denboraren joanak horitutako horma bat zuriz margotzen. Horrela ari ginela hasi zen bera egoki egituraturiko diskurtsoari tiraka, eta nik belarriak ireki nituen galbahe forman, ez bainion daturik txikienari ere ihes egiten utzi nahi.

Munduan zehar bizi diren palestinarrekin zifra hori bikoiztu egiten bada ere, Palestinako lurralde historikoan, lurralde okupatuan, denera bost milioi pertsona bizi direla kontatu zidan. Kartzelako egoerari buruz galdetuta, guztira 6.000 preso inguru daudela ere azaldu zidan, nahiz eta kalkuluak egitea zaila suertatzen den, zenbaki hori egunero alda baitaiteke, israeldarrek urtean 2.000-3.000 atxiloketa egiten dituztela kontuan hartuta. 6.000 preso horietatik 60 inguru dira emakumeak, eta 18 urtetik beherako gazteak, 300. Honakoa da, beraz, argazki orokorra.

Adingabeei eta argazkiari erreferentzia egin orduko etorri zitzaidan burura sare sozialetan horrenbeste hedatu zen erretratua: Ahed Tamimi, soldadu israeldar bati zaplazteko bat eman zion neskato ilehoria. Berari buruz galdetu nion jarraian, aurretiaz nekielako Askapenako brigadistak han zeuden bitartean askatu zutela bera.

Tamimitarrei buruz hitz egin zidan lehenik. Nabi Saleh herrian bizi direla jakinarazi zidan, 600 bat herritar direla, elkarren artean senitarteko lotura estuak dituztela eta oso ondo antolatuta daudela. Duela bi urte ingurura arte manifestazioak egiten omen zituzten ostiralero, baina, azkenik, borrokabideak aldatzea erabaki dute. Bitarte horretan, denera 500 zauritu, 270 atxilotu eta lau hildako izan dira herrian. 270 atxilotuetatik 47 adingabeak dira, Aheden moduan. Une honetan 22 herritar daude espetxean. Azpimarratu zidanez, mesfidantza sortu du egoera hori izanik Aheden kasua kanpora begirako oihartzun mediatikoa izan duen bakarra izateak.

Salbuespena izatearen arrazoiei buruz galdetuta, balizko kausa ezberdinak aipatu zizkidan jarraian. Hasteko, tamimitarrek harreman oso estuak omen dituzte Europarekin. Gainera, litekeena da Palestinar Autoritateak ere mundu mailan kasu hau erakutsi nahi izana, tamimitarrek borroka bakezale baten aldeko hautua egin dutelako eta biolentziarik gabeko borroka defendatzen dutelako egoeraren larritasunagatik hautu hau hain hedatua ez den lurraldean.

Beraien itxurak ere eman du zer pentsatua. Zuriak dira azalez, ilehoriak, begi berdeak dituzte... Kasu honetan, gainera, akaso ez da kasualitatea izango ikono, heroi bilakatu dutena emakume gaztea izatea.

Lagunari harrigarria egiten zitzaion neskato hau kartzelan egon zen artean bere ama ere hala egon zela ia inon aipatu ez izana, eta niretzat ere hausnartu beharrekoa da zer iritsi zaigun hona eta zer ez; zer den kontatu digutena.

Beste behin ere argi geratu da informazioa boterea dela. Eta beldurra ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.