Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Pertseidak

2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Gauez zerua behatzeko egun ederrak direla esan berri dute irratian, pertseiden ikuskizunarekin gozatzeko ezin aproposagoak. Ez dakizuenentzat, izar-jasa zoragarriak eragiten dituen fenomeno astronomikoa da pertseidena, San Lorentzoren malkoak izenarekin ere ezaguna.

Wikipedia orojakintsuak dioenez, urtero garai honetan Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du eta topaketa horretan kometak uzten dituen tamaina desberdinetako hauts partikulak lurrazaleko atmosferan abiadura handiarekin sartzean izar iheskorrak sortzen dira. Argi-kutsadurarik gabeko toki ilun bat aukeratuz gero, gure herritik ere ikusi omen daitezke.

Nik, egia esan, ez ditut ikusi. Baina azkenaldian ez da falta ahozabalik utzi nauen beste fenomenorik. Ikusi ditut, esaterako, zenbait politikari Pipper izeneko lehen txakur turistari Donostiako Aste Nagusiko zapia janzten. Eta egoeraren absurdotasunak eraman nau hausnartzera txakurrak —ezein motatakoak— nahiz turistak, biak beso —eta bigarrenak kartera— zabalik hartzen dituen mundu zatian bizi garela.

Ongi etorri idatzi dugu atarietako alfonbratxoetan eta teorian, inor ilegala izatea nahi ez genukeen tokian bizi gara, merkantzien zirkulazio librea defendatu eta aldi berean pertsonentzat mugak ixten diharduen Europa kontraesankor eta hipokrita honetan.

Sei herrialdek Aquarius itsasontzia porturatzeko akordioa egin dutela irakurri dut lerro hauek idatzi artean. Andaluziako hondartzetako kontakizunak ere irakurri ditut sare sozialetan. Emakume batek kontatu zuen duela egun batzuk eguerdiko zerbeza eta sonbrilla artean 50 bat pertsona iritsi zirela itsasertzera patera puzgarri batean. Hondartzako jendeak, shock egoeran, txalo joz eta animatuz egin omen zien harrera, eskura zituzten ur botila eta freskagarriak eskainiz. Euretako batzuk lur-hartzea saltoka ospatzen ari zirela iritsi zen Guardia Zibila.

Giza exodo honek eragindako testuingurua diskurtso arrazista hedatzeko baliatzen ari dira zenbait. Orain manteroak omen dira komertzio txikiei kalte egiten dietenak. Orain andre batek zilegitasuna sentitzen du Madrileko metroan pertsona bati kanpokoa dela eta ezin duela bertan egon aurpegiratzeko.

Eskerrak bagoi berean zeudenek aurre egin ziotela. Eskerrak Getariako arrainontzi bat prestatu duten Mediterraneora laguntzera joateko. Eskerrak Bilboko turistentzako ongi etorri instituzionala errefuxiatuei berbideratu eta hitzetatik ekintzetara igaroz, Bilbo zaharreko kultur etxean afariak eta lotarako lekua ematen ari zaizkien 150 migratzaileri baino gehiagori. Eskerrak su artifizialen hirian ere Antiguako Txantxarreko gaztetxea errefuxiatuentzako harrera gune bilakatu duten, eraikina migratzaileen beharrei erantzuteko prestatuz eta hauei arreta eta laguntza eskainiz. Eskerrak frantziar estatura igaro nahi eta Irunen ez atzera ez aurrera daudenei aterpe eman dieten Irungo Lakaxita gaztetxean. Eskerrak herritarrak politikoei falta zaien borondatea erakusten ari diren, eta elkarteak erakundeen hutsuneak betetzen. Eskerrak guztiok ez garen hau dena pasatu bitartean pertseiden hegaldiari begira egoteko bezain miserableak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.