Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Bizi. Prest.

2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Egunkari honetan bertan irakurri nuen duela ez asko Justina Agerre ginekologo eta obstetrari egindako elkarrizketa. Emakumeek Afrikan eta Ekialde Hurbilean dituzten osasun arazoak izan zituen hizpide argentinarrak, besteak beste, Sierra Leonan, Etiopian eta Yemenen lanean izandako esperientzietan oinarrituz. Elkarrizketatzaileak ablazioari buruz galdetu zionean Afrikako emakumeek pairatzen duten arazo nagusietako bat dela baieztatu zuen berak, Ekialde Hurbilean ere kasuak egunero ikusten direla gaineratuz. Jarraian kontatu zuenez, lekuaren arabera aldatu egin daitezke ablazio motak. Gogorrenen bidez emakumeei klitoriaz gain aluko ezpainak ere kentzen dizkiete, hilekoa eta pixa atera ahal izateko zulotxo bat soilik utziz. Noizbehinkakoak omen dira horrelakoak. Munduan zehar hedatuago omen dago, aldiz, klitoria bakarrik edo ezpainak bakarrik kentzeko ohitura.

Gaiarekin lotuta eta gureari erreparatuz, ezpainak mozteko kirurgia hemen ere egiten dela eta oso modan dagoela azpimarratu zuen Agerrek. Labioplastien bidez batzuek ezpain bajinalak txikiagotu nahi izaten omen dituzte estetikaren izenean, ederragoak iruditzen zaizkielako, asimetriak gainditu eta ezpainek tamaina «normal» bat izan dezaten —espazio publikoan zakilak nonahi marrazten diren inguru honetan, ez dakit zenbat ginatekeen gai alu «normal» bat irudikatzeko—. Nahiz eta hemengoei kirurgia estetiko deritzegun, ebakuntza horiek ere funtsean ablazioak direla diosku argi Agerrek.

Sarean irakurri dudanez, munduko txoko ezberdinetan burutzen dira horrelako mutilazioak. Munduko gure txoko txiki honetan beste ezpain mota batzuk izan dira mutilatuak sarri. Josi ere egin dizkigute tarteka, boterearen hari finenarekin eta jostorratzaren puntada mingarrienekin, historian zehar nahiz gaur egun.

Ondorioz, gorputz atal ebakiak ageri dira han-hemenka, diglosi egoerak kolpatutako anatomiak. Administrazioko ezein bulego labirintikotan nahiz telefonoz kontsulta bat egin nahi dugunetan, unibertsitate publikoan, ginekologoarenean, liburutegian, udaletxeko harrera mahaian... Edonon ageri dira mutilatutako mihiak, ahots kordak, aho-gingilak, laringeak... Moztutako ezpainak.

Instituzioetatik kanpo ere, eta autokritikari tartea eginez, gogorra egiten zait beste batzuetan gorputz zatiak guk geuk automutilatzen ditugula onartu behar izatea. Eskegitako pankarten arabera behintzat, espazio aske eta euskaldunenak behar luketenetan, edozein hiritako gazteen txosnetan, esaterako, edo espazio autogestionatuetako asanbladen osteko tragoetan. Herri burujabe bat eraikitzeko eztabaida sutsuetan galduta, etorkizuneko Euskal Herriaren alde borrokan. Gaztelera hutsean.

Nik uste dut datorren udazkenak denok interpelatuko gaituela zuzenean, atzamarra begian sartzeraino —orain artean ezpainen parean jarri digutenei, batik bat. Hamaikak, euskaraz, hamar-aren ondoren datorren zenbakiaz gain, asko adierazten duelako eta orain —ez soilik azaroaren 23tik abenduaren 3ra— inoiz baino gehiago esan nahi izatea guri dagokigulako.

Muga izandakoak aukeratzat ikusiz eta hizkuntza ohiturak aldatzea helburu, ezpainei hozkaka bizitzeaz nazkatu garenak elkartuko gara. Bazatoz?

Ehundaka. Milaka. Ahobizi. Belarriprest.

Bizi. Prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.