Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Sintzerizida

2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk hartu nuen erabakia, ez dut gogoan zehazki noiz. Berez zenbait gauza berbalizatzea asko kosta arren, aurrerantzean sentitzen nuenari hitzak jartzen ahaleginduko nintzela zin egin nion neure buruari. Denbora bat igaro zenean topatu nuen hitz hura Uxue Alberdiren Jenisjoplin liburuan, ohikoa dudan moduan izkina bat tolestuz markatu nuen 36. orrialdean, erdi parean:

«-Egiazalea izan naun beti.

-Sintzerizida bat.»

Hala zioen aipatu berri dudan liburuko protagonistaren eta bere aitaren arteko elkarrizketak. Sintzerizida. Badaude irakurri orduko pausatzeko eskatzen duten hitzak, gelditzera behartzen zaituztenak. Arkatzez borobildu nuela gogoratzen dut eta une hartan bertan orain bi egunetik behingo zutabekide dudan lagunari igorri niola argazki bidez. «Ai ama, hori zu zara!», erantzun zidan berak hurrengo mezuan, harridura adierazi nahi zuen emotikonoren batek lagunduta. Barre egin genuen biok. Ordutik, askotan aipatu diogu hitza elkarri, bizitzak tremendista jarri gaituen uneetan, batik bat, eta gure hiztegi konpartituaren parte da dagoeneko.

Hiztegi ofizialak euskarazko egiazale, egiati nahiz zintzo hitzak dakartza gaztelerazko sincero/-a-ren sinonimotzat. Baina, pertsonalki, lehen biak arrotzegiak zaizkio nire mihiari, esanahiz hutsegiak bailiran, eta hirugarrenarekin, aldiz, ez dakit guztiz ados egongo zareten, zalantzan jar daitekeelako beti-beti jokabide zintzoena ote den benetan pentsatzen dugun guztia esatea. Horregatik, literaturak oparitutako aberastasunaren alde, sintzerizida-ren apologia egitera natorkizue, terminoarena berarena baino gehiago, bizi-jarrerarena.

Etimologikoki pestizida, intsektizida, suizida eta beste zida askoren antza handiegia duela pentsatuko duzue agian eta atzizki horrek hiltzen duena esan nahi duela ere gaineratuko dizuet nik. Kasu honetan, hala ere, hiltzearekin baino biziaraztearekin lotuko nuke gehiago.

Eta ez ulertu gaizki, arren. Ez naiz bizitzako gauza hutsalei buruz ari. Erosketetara zurekin joateko konbentzitzen banauzu jantzi duzun loredun soinekoa zure gorputzari nola itsasten zaion gustatzen zaidan edo ez esateaz, zure orrazkera berriak aurpegira lehengoak baino okerrago ematen dizula aitortzeaz... Ez, ez naiz horretaz ari.

Barruko miseriak itzulikatzeaz ari naiz, azaleratzeaz, gauza ez hain politei buruz hitz egiteaz. Inbidia dizudala oihukatzeaz, sare sozialetan nik baino jarraitzaile gehiago dituzulako, nik baino titi txikiagoak eta ipurdi tenteagoa duzulako, nik baino gerri estuagoa. Ez dudala nahi, baina erraietan sentitzen dudala txikitako «zu beti bat gehiago» jolasa denborarekin «ni beti bat gehiago» izatera igaro dela. Erraietan sentitzen ditudan moduan jeloskortasuna, urguilua eta beste hainbat sentipen humano bezain lohi.

Erabakiak zuzenean eragiten die nire harremanen konstelazioen parte direnei. «Badakit hau entzuteak min egingo dizula agian, baina esan egin behar dizut, barrutik jango nau bestela». «Barka iezadazu norberarena behar lukeena biona, hirurona… bihurtu izana». Jasanezinak zaizkit laringeko korapiloak.

Eta zuek, benetan nitaz pentsatzen duzuen guztia esan didazue aurpegira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.