Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Ferrer aitormenen kioskoan

2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Mirari komunikatiboa. Zer esan egunotan jada esan ez dena Gipuzkoak azken hamarkadetan izan duen irrati komunikatzailerik handienaren gainean? Justiziazkoak izan direla eskaini zaizkion goraipamen guztiak, hasteko. Zer esan urtetan haren ahotsarekin esnatuz irrati aparailuarekin betirako maiteminduz joan zen batek, harekin ikasi zuenak aktualitateaz jabetzeko iturri ezberdinak kontrastatzearen galbahea aplikatu behar zaiela? Perspektiba historiko objektibo batetik ikusita, aitortu beharko da irratigintza modernoaren kioskoan irabazia daukala lehentasunezko tokia, Gipuzkoan, 1971-2004 epean, miraria —ideologia anitzeko entzuleren predikamendua— protagonizatu zuen esatariak.

Kontatzaile aparta. Radio Reloj eginez hasi zen Ferrer Herri Irratian, kontrol teknikoa berak eramanez eta mikrofono baten aurrean, El Diario Vasco eta La Voz de España egunkari frankistak eskuetan zituela. Biak modu ironikoan irakurriaz, diktadurari kritika egiten zion. Aktualitatea nola kontatzen ziguten kontatzearen filosofiari heldu zion orduan, Mikel Asurmendiri Argia-n 2004an aitortu zion bezala. Eta, Franco hil ostean, Rosiren kioskoa ireki, Madriletik eta hango ikuspegi zentralistatik emititzen zuten bi irratsaioen (Luis del Olmo eta Iñaki Gabilondo, 30 kazetari atzean zituela bakoitzak) pare jarri zen audientzietan, goizero. Azken hamar urteetan baizik ez zuen eduki laguntzailea (Ramon Ibeas lehenbizi; Xabier Riezu gero).

Eboluzioa ala inboluzioa. Egun, posible ote litzateke antzeko irrati esalerik, posible halako irrati egikerarik? Sosegua ikur edukiko lukeena, alegia; minutu batean ez dakit zenbat albiste aurkeztu edo trafikoko azken berria emateko presiorik gabekoa... Rosiren kioskoa-n entzuleentzat altxorrik preziatuena zen «komentarioa» kasik erlojurik gabeko lan erritmo pausatuaren arabera egingo lukeena; hots, Nova taldearen Aurora sintonia amaituta (izan zitekeen 08:04an edo 08:07an). Ez, ziurrenik. Esango zaigu irratian modernitatea Marianok egiten zuenaren kontrako norabidean doala. Baina badago Marianoren formularen premia, informazioaren inflazioak nahasten, desinformatzen... gaituen honetan. Mamia eta lastoa, benetakotasuna eta artifizioa bereizten lagunduko digun konfiantzazko ahotsen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.