Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Ordezkoen txanda

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ahots berrien freskura. Hara zein den udako irratiak daukan alderik benetan freskagarriena: zenbait iritzi emaile titular, ofizialak, oporretara doazela, eta ahots berriak datozkigula haiek ordezkatzera. EIko Amarauna saioan, adibidez, Ana Iruretagoienak eta Jon Intxaurragak estreinaldia egin zuten atzo (09:15). Turismoaren masifikazioa eta Elkano eta antzeko pertsonaiei buruzko berrikuspen kritikoaz jardun zuten, Nagore Telleria esatariak xaxatuta. Irratiko Whatsappa sutan jartzea lortu zuten, eta segi dezatela bide horretatik datozen larunbatetan ere.

Kixote baten agurra. Iñaki Elortza Txapas esatari mitikoak bihar zortzi lagako du irratia betirako. Eta ez nolanahi: mikrora itsatsita bere bizar zuria eta mihi joria, eta goizetik gauera konexioak eginez egunez egun, berdin alde zaharreko karriketatik, berdin frontoi zulotik. Atzo, txupinazoaren aurreko gosariarekin ekin zion kronikei. Eta segidan, Eli Eraso lankideak —Sanferminetan Azpeitiko (Gipuzkoa) Kixotea bezain klasikoa bihurtua zaigun esataria— eta biak kalean eta udaletxe barruan gertatzen zena ezin zuzenago kontatu ziguten. Euskalerria Irratiko Pello Argiñarena, Reyes Ilintxeta, Juan Kruz Lakasta eta Igor Eskuderok egin zutenaren pare.

Espainia erretratatuz. LaSextako aurkezle Cristina Pardo irribarre iraunkor eta probokatu horrenik gabe azaltzen zaigu SER katean, larunbatetan (09:35). Kontzeptu politikoen hiztegia atala dagokio, Javier del Pinoren A vivir que son dos días saioan. Politikari bat erretratatzen digu aldiro, haren adierazpen kontraesanezkoez eta polemikoez baliatuz. Jesus Gil, Marbellako (Espainia) alkate ohia eta Athletico Madrileko presidente ohiari heldu zion atzo. Xenofoboa, matxista, ustela… Nola izan ote zen posible halako aparejua horren urrun iristea, galdetzen zuen del Pinok harrituta. Pertinentea galdera, kirol kazetariei bideratu beharrekoa, Gil hil zen arte lainezatu zutenei. Eta zuzenkiago, orduan SER katea gaueko audientzien gailurrera eraman zuen De la Morenari. Pardoren irrati tarte horrek hagitz irabaziko luke politikariekin bezala kazetariekin errepaso zitala egingo balu. Materiala eta ezagutza sobera behar luke eduki Pardok; ez alferrik, Antonio Herrero, Luis Herrero eta Jimenez Losantos Copeko hiru historikoekin lan egindakoa baita gaztetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.