Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Anasagastik Ferrerri, maitasunez

2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bizi zelarik. Lau artikulutan gutxienik aipatu izan du Mariano Ferrer Iñaki Anasagasti politikari ohi eta EITBn ohiko tertuliakideak, hura bizi zelarik. Perla gogoangarriak jaurti zizkion guztietan. 2006ko irailean adierazi zuen Ferrerek aldaretako pontifikatzailea zuela, Euskadiko kontzientzia kritikoaren rola ezarri ziola bere buruari, eta nazkatuta zegoela ETB2 eta RE piztu aldiro beti agertzen zelako; azkenik, ironikoki, euskal gizarteaz errukitzen zen, baldin eta halako itsasargi argi-emaileak behar bazituen. 2010eko urrian, hona zein terminotan definitu zuen: gezurtia, ezin sufrituzko tipoa, manipulatzailea, orojakilea, eta, independentzia faltsuaren posturari eusteko ama hiltzeko kapaza den pertsona. 2011ko otsailean pedante hutsa zela adierazi zuen. Urte bereko maiatzean, berriz, zera gaineratu zuen: euskal irratigintzako pedanterik handienetakoa zela, datuen etengabeko manipulatzailea, intelektuala eta iritzi emaile ofiziala izatea lanbide duen sofista profesionala, ahozko harri jaurtitzailea, eta, adur txarreko txoria.

Hil ostean. Mariano hil biharamunean, hona Anasagastik sinatutako hileta ohar pertsonala: arrazako kazetaria, pertsonalitate handikoa, estiloa markatu zuena kazetaritzan, Euskadiko erreferentzia demokratiko eta anizkunaren ahotsa, diktaduraren isiltasuna haustean eta demokraziaren ilunkeriak salatzean aurrean ibili zen kazetaria, belaunaldi berriei haren balioak transmititu beharko litzaieke. Uztailaren 20an, aztarna utzi eta gauzak aldatu dituzten lau pertsonalitate hil berrien artean kokatu zuen Ferrer; Euskadiri beren ahalegina eta jakinduria eskaini omen zieten horiek.

Aukera galdua. Garbiñe Biurrunek agudo erantzun zion Anasagastiri uztailaren 15ean bertan, haren diskurtsoen arteko sakoneko kontraesan zinikoagatik mina agertuz eta esanez justiziazkoa zela argitaratzea 2011ko maiatzean Marianorengatik jaurtitako epelak ere. Bere burua modu traketsean zuritu zuen, ordea, Anasagastik, bereiziz hil aurretik eta ondoren egiten diren iritziak. Eleganteago eta kontsekuenteago geratzeko aukera galdu zuen; esan izan balu, esaterako, agian ez zela oso fin ibili, eta heriotza zela medio, oraingoan ez zuela mihian herdoilik gabe jokatu, kazetari-tertuliakideak hizpide izan dituenean normalki egin izan duen eran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.