Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Gorrotoa eta maitasuna

2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Jon Gotzon. Euskal mundu txikian fenomeno mediatikoa zaren neurrian, maitatzen zaituztenak bezainbat gorrotatzen zaituztenak behar dituzula zioen Jon Gotzon Aldaparenak Udako Faktoria (EI) magazinean ostegunean, hara gonbidatu zutenean Gorka Otaegik eta bere kuadrillak. Dena ez baita perfekzioa izango, eta gerta liteke pare bat gauza ez egitea zuzen. Klaudio Landak aitzinean EITBn eskaini zigun txotxi-pertsonaia estereotipatuaren bertsio aktualizatua, estilo propio batekin eskaintzen digu Gaztea irratiko Dida saioan goizero, eta ETB1en Gure Kasa saioan azkenaldian. Indiferentzia behintzat ez dizu eragingo, gogoko egingo zaizu ala ez. Baina uste dut Hego Euskal Herriko euskaldun askoren bozeramaile bihur naitekeela istant batez onartzen badut zenbat sufritzen dudan bere hizkera elebidun hori entzun aldiko. Magazinekoek galdetu zioten ea nola doakion euskararen ikasketa, eta oso arin mintzatzen dela adierazi zuen.

Iñakitarrak. Eztabaida politak eduki dituzte pare bat txandatan Iñaki Iriondo eta Iñaki Gonzalez kazetariek orain aurretik, REko Boulevard eta Ganbara tertulietan. Politikari batzuek hauteskunde kanpainetan eta kanpainen osteko paktuen garaian esandakoak gogorarazten zituen Iriondok, erabat kontrajarriak zirela erakutsi nahian. Gonzalezek erantzun zion kanpainan esaten dituztenak erretolika hutsak direla (papanochadas, gaztelaniaz) eta ez zaiela kasurik egin behar.

Balekoa ala ez. Gonzalezek konpromiso batean jarri ditu analisi politikoak egiteko EITBtik astero deitzen dioten irratsaioak. Erabakiren bat hartu beharko lukete hauteskunde kanpainaren bat heldu aldiro, kazetaritzari eta entzuleei zor zaien errespetu hutsagatik. Demagun Gonzalezen gogoeta balekotzat jotzen dutela. Bada, orduan, entzuleok jakinaren gainean jarri beharko gintuzkete, esanez beren solasaldiak simulakro hutsak direla, pantomima; edo eta bestela, aztergaien agendatik kendu egin beharko lituzkete politikarien diskurtsoak, argudiatuz beren tertulietan fribolitateak ez duela tokirik eta ez dutela onartzen gizartearen ongizatearekin zerikusirik ez duten gaiak.

Gonzalezen gogoeta ezetsiko balute, ostera, Gonzalez eta antzera pentsatzen duten gainerako tertulianoak zokoratu, eta horien ordez aktualitatea serio hartuko luketenak topatu beharko lituzkete nahitaez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.