Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Bi bertsio EITBn

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Rolak banatuta. Sanchezen atzoko inbestidura saioaren harira, REk saio berezia antolatu zuen goizez, zuzeneko konexioak eginez eta solaskideen tertulia osatuz. EIk ohiko programazioari (Amarauna) eutsi zion, nahiz eta Madrilen den Eider Aranberri lankideari hitza eman behin edo behin; kasik, antzeko jokatu zuten telebistetako senideek ere (ETB2n En Jake saio berezia, ETB1en Sukaldaria). Interpretazio bikoitzerako bidea eman ziguten EITBko familiako kideek, ohi denez. Kezkagarriak biak ere. Lehena: euskarazkoek Madrilen gertatzen dena erlatibizatzen dute, euskal naziotasunaren ikuspegia daukatenez iparrorratz; hala balitz, EITBren baitan bi arima biziko lirateke, kontrajarriak. Bigarrena, garrantzi handiko gertakizunak azken unean sortzen direnean, euskarazko adarrek ez dute erreflexu eta gaitasunik (giza baliabideak, aurrekontua…) zuzenean aritzeko, erdarazko senideek ez bezala. Inbestidurak erabilitako hizkuntza (gaztelania) ezin liteke aitzakia gisa erabili, itzulpen sistemara jo baitaiteke.

Hitza gaizkile ohientzat. Ezin dugu gutxietsi EITBko euskarazko irratiak, Amarauna magazinaren eskutik, inbestidurari atzokoan egin zion kontra-programazio erakargarria. Madrilera begiratuz informazio politikoarekin saturatzen segi ordez, probetxuzko gizarte izaerako goiza eskaini zigun, pentsatuz gainerakoan ere datozen egunetan etorriko zaizkigula inbestiduraren inguruko albisteak, elkarrizketak, solasaldiak… politika zalerik borrokatuena ere aspertzerainoko gaindosiaz. Horrela, Hondarribiko alardearen harira bertako gazteak egiten ari diren mugimenduan sakondu zuten, eta Kalaka auziko Xabier Susperregi eta Pantxo Floresekin solasaldi bikaina atondu, urtebetez kartzelan egon eta hamabi urtez gaizkiletzat hartu ostean epaile batek kargugabetu dituen bost lagunen kronika pertsonalizatuz.

Naiz irratia. Irrikitan gaude irrati-eskaintza aberastean sinesten dugun irratizaleok, Naiz irratiak asteartean ekingo baitio programazio osatuari. Euskararen, euskal naziotasunaren eta gizarte zibilaren taupadekin konpromiso tinkoa agertu du irratiak. Iragarri zaigunez, Informazioaren Haria izeneko hiru magazin informatiboek osatuko dute haren bizkarrezurra. Horrekin batera, protagonismo handia hartuko du musikak —euskal musikak, batik bat— egunean zehar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.