Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Hiru hankakoa

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Iragarpena. ETB2, RE eta Radio Vitorian lekua egingo die euskaraz egindako adierazpenei. Modu naturalean. Halaxe ziurtatu zuen behintzat Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak, Gasteizko legebiltzarrean martxoan egin zuen agerraldian. Ildo estrategikoen planean sartu dute asmo hori, eta beraz, laster hasi beharko genuke igartzen nola gauzatzen den. Hasteko eta behin, ikusteko dago segundo batzuen iraupeneko adierazpenetara mugatuko ote den, ala gehiagorako bidea emango ote duen.

REren kasuan. Hor eragiten du ikusminik eta morborik handiena Iturberen iragarpenak. Ez aspalditxoan euskarari ateak irekitzen ari diren zenbait esatari jakinekin, baizik eta guztiok buruan dauzkagun beste oihartzun handiko horiekin... Ea konpromisorik hartuko ote duten, harraraziko ote dieten, eta hartzekotan, norainokoa izango ote den... Iruzurra bailitzateke esatari batzuen esku uztea euskararen ardura, eta bien bitartean besteak «liberatzea», kasta pribilegiatukoak balira bezala.

Hiru hanka. Benetakoa bada euskarazko adierazpenak gaztelaniazko komunikabide publikoetan eta —ez publikoetan— natural txertatzeko konpromisoa, alde anitzek eduki beharko dute garbi zer dagokien. Zuzendaritzei, bere meneko kazetariei irizpideak ondo markatzea, eta betearaztea. Kazetariei, elkarrizketara gonbidatu behar duten horri euskara erabiltzeko aukera erreala planteatzea, eta horretara animatzeko estrategiak menperatzea. Euskal hiztunek osatzen dugu hirugarren hanka, ezinbestekoa. Horretan, kanpaina publiko baten edo delako ziztada suspertzaile baten premia igartzen da euskal hiztunon artean, indarrean daukagun mentalitate atabikoa iraultzeko, errespetuaren kontzepzio okerrarekin zerikusia duena.

Geure esku. Asko daukagu egiteko, eta horren ispilu izan daiteke Jose Maria Arizmendiarrietaren gainean ETB2n herenegun ikusi genuen El hombre cooperativo dokumentala. Iaz estreinatu zen ordu eta erdiko ekoizpenean 40 testigantza emaile agertzen zaizkigu, Debagoiena aldekoak gehienak eta euskal hiztunak zalantzarik gabe. Bada, horietatik bakarra da, Joxe Azurmendi, euskaraz mintzatzen dena, azpitituluekin. «Nahiago dut euskaraz egin, ez bazaizue axola; jar ditzakezue azpitituluak» esateko lizentzia soilik pentsalari eta euskaltzale konprometitu ospedunen esku dagoela uste badugu, jai daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.