Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Historiak ahazten dituen txikikeriak

2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Borboiak, atzo eta gaur. Egunero 18:10ean historiari buruzko pasarteren bat kontatzen du Nieves Concostrina esatariak Ser kateko La Ventana saioko Acontece, que no es poco tartean. Ikuspegi desmitifikatzailea eta fribolitaterik gabeko ironia erabiliz, historiografiak idealizatu dizkigun pertsonaia publikoen barrunbe lokaztuetan murgiltzen zaigu. Garaian-garaian gizarteak erretratatzeko metodologia trebea darabil, eta eginkizun horretan, Espainiako monarkiako iraganeko kideekin pedagogia egin beharra ikusten du. Bai baitaki Espainiako irrati generalista bateko entzule generalistentzat ari dela mintzatzen; hots, Maria Kristina Borboikoa Espainiako erregina ustelkeriagatik bi aldiz espulsatu zutela historiako azterketa batean idazten duen ikasleari suspentsoa jartzen zaion estatuan ari dela. Concostrinak badaki non daukan marra gorria ipinia etxe horrek: Borboien miseriak iraganekoak dira, gaurkoek ez daukate kontu ilunik. Zerutiarrak dira, eta ikusi, bestela, Letizia egungo borboietako kide bati Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak nola eman zion saria herenegun, genero indarkeriaren aurka urtean zehar gehien egin duen pertsonalitate publikoa izan omen delako.

Carles Francino.La Ventana saioko gidaria harro-harro azaldu zitzaigun ostiralean, Madrilgo Senatua eta Kongresua bi sozialista katalanek presidituko dituztelako, eta gainera horietako bat filosofoa delako. Kultura, filosofia, pentsamendua eta hau eta beste, denak ere antidotoak omen dira sektarismoari. Ahaztu zitzaion adieraztea sektarismo kulturalaren adibide direla bi foro horiek, gaztelania ez diren Espainiako beste hizkuntza ofizialei oztopoak jartzen dizkieten heinean.

Sektarismoa, nork? Nazismoak eragindako biktimak goratzeko ekitaldia egin zuten Kataluniako eta Espainiako gobernuek Mauthausenen, maiatzaren 5ean. Antza, Generalitateko Gemma Domenechek Kataluniako preso politikoak hizpide izan zituela-eta haserre agertu zen Madrilgo Dolores Delgado. Soka ekarri zuen ekitaldiak, eta Ser kateko esatari liderrek eta tertulianoek aho batez jipoitu zuten Domenech, sektarismoaren ikurtzat jarrita. Delgadok Estatu osoko biktima errepublikanoak bandera gorri-horiarekin eta gaztelania hutseko plaka batekin omendu izana, hori ez zen kultur sektarismoaren adierazgarri izan, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.