Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

(A)normaltasuna

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
25 aldiz. Arnaldo Otegi Onda Vascan hogeita bost bat aldiz elkarrizketatu duela gogoratu digu Javier Vizcainok, ikusita Madrilen nola zapuztu diren makina bat iritzi emaile, elkarrizketa gauzatzeagatik. Kazetaritzaren ikuspegitik, kritikagarriagoa behar luke izan La Noche 24 Horas saioko aurkezle Marc Sala eta bere lau tertuliakideen polizia-itaunketa. Euskal Herria ala Estatu espainiarra, bietako bat normaltasunean bizi da, eta bestea anormaltasunean.

Hooliganismoa. Dani Alvarezek REn goizero (07:35) zenbait artikulugileren idatziak laburtzen dituen horretan, ostiralean, bitan banatu zituen Otegiren elkarrizketak eragindako erreakzioak: aldekoak eta kontrakoak. Bi taldeak ere hooliganak omen dira. Alderdi politiko bateko buruzagia elkarrizketatzearen alde idazten dutenak ere hooliganak omen, alegia...

Txiolarien desertzioa.Pare bat polemikak euskal txiolariak sare sozialetan aztoratu beharrean jarri arren, irratian ez da horien oihartzun handirik sumatu. Bospasei iluminaturen unibertso bazterrekoa izatearen seinale? Juan Kruz Lakasta izan da xextra jaso duen bakanetakoa, REko Ganbara-ko tertulian, asteazkeneroko Enredando tartean. Mokoka aritzen da, txiorik nabarmenenak sintetizatuz. Zenbait txiolari ezagunek, euren kontra erabilitako dialektika iraingarria dela eta, gehiago ez idaztea erabaki dute. Euskarara ere normaltasun liskartia iritsi dela egia ote?

Aurreko lanak. Pribilegio heteropatriarkalez eta nahi denaz gogoeta egitea da premiazkoa, besteena entzunez denok baitugu zer ikasia. Baina aurretik, hitzarmentxo tazitua behar luke egon gutxieneko arauak ezarriz, dialektika termino zibilizatuetara eramateko. Liburu baten aurkezpen publikoan inorengatik «el desgraciado, que está muerto y bien muerto que está» esaten duenak zein den bere erraietako sentimendua —amorrua— adierazten digu, baina ideiak trukatzen lagundu bainoago, sakoneko distortsioa sortzen du. Eta okerrena: hildakoaren ahaiderik gertuenak mintzen ditu, eta nola. Hauek ezin dira erantzule egin orain bi urte hil zaien seme edo anaiak iraganean esan edo egindakoez, jakina, baina berriro piztu zaie zauria bihotzean. Ariketa enpatikoa egitea besterik ez dago, hori ulertzeko. Eta azalpenen bat mereziko lukete, inon den eztabaidarik sakonenarekin mundua konpontzen hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.