Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. ANALISIA

Esporrin ez da Balduz

Ion Orzaiz.
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
«Agur, Asiron! Agur, agur...», oihukatu zuen PSNko Maite Esporrinek igande gauean, pozari ezin eutsita, laukoari udal gobernuak ihes egiten ziola eta Navarra Suma gehiengo osotik hurbil zegoela baieztatu zenean. UPNko Enrique Maia ere pozarren azaldu zen; bere esanetan, «UPNk eta PSNk elkar hartuta egin baitugu abertzaleen kontrako oposizioa». Denborarik galdu gabe, «sozialista nafarrei» mintzatu zitzaien buruzagi erregionalista hauteskunde gauean, elkarrekin «pertsona normalen udal bat» osatzeko.

Pertsona «normalei» buruzko erreferentzia alterofobo eta etnizista kenduta, Maiaren hitzak ulergarriak dira bere alderdiaren logikaren barruan: argi dute eskuin espainiazalearen arerioa indar abertzaleak direla —eurak dira besteak, Maiaren begietara normalak ez direnak—, eta horien kontra, ezinbestekoa izanen dutela PSNren makulua. Finean, Miguel Sanzen gaztatxoaren teoria berretsi dute azken hauteskundeotako emaitzek, atzera ere.

Esporrinen erreakzio euforikoak gutxiago du estrategikotik, eta, gehiago, lau urtean pilatutako ezinikusi eta mendeku gosetik. Zinegotzi sozialistak agerian utzi ditu bere lehentasunak eta fobiak. Ageriegi, akaso, bere alderdiak hauteskunde kanpaina osoan erakutsi nahi izan duen ekidistantzia kontuan hartuta.

Bat-bateko adierazpen horien ostean, askok espero zuten antzeko erreakzio bat Joseba Asiron jarduneko alkatearen aldetik. Lehen begi kolpean, logikoena zirudien: EH Bilduk galtzear du Iruñeko alkatetza —PSNren abstentzio bat nahikoa izanen litzateke aginte makila Navarra Sumaren esku uzteko—, Navarra Suma-PSN akordioak ezin saihestuzkoa dirudi, eta Asironek berak behin baino gehiagotan adierazi du beragatik balitz gustura bueltatuko litzatekeela bere ohiko irakasle bizimodura.

Horregatik, iragan asteartean, presazko agerraldia iragarri zuenean, hedabide eta kazetari askok ziurtzat jo zuten alkateak dimisioa aurkeztu eta politika utziko zuela. Asironek, ordea, PSNko alkategaiak baino gaitasun handiagoa erakutsi du ikuspegi luzeko estrategia politikoa lehenesteko, eta, bide batez, frogatu du partida bukaeraraino jokatzeko asmoa duela. Zer gerta ere.

«Prest gaude edozer egiteko, eskuinari agintea eragozte aldera», esan zuen jarduneko alkateak. Ez zuen zehaztu zer den «edozer» hori, ezta alkatetza Esporrinen esku uzteko prest ote dagoen ere, baina, kazetarien galderei erantzunez, argitu zuen EH Bildu bigarren indarra izan dela «alde handiz», eta, balizko akordioa edozein izanda ere, ez dela «edozein preziotan» izanen.

Asironek aukera hori mahai gainean jarri bezain laster, askok jo dute hemerotekara. Izan ere, badago egungo egoeraren aurrekari zuzen bat: 1979ko hauteskundeak. Urte hartan, eskuinak irabazi zituen Iruñeko udal bozak, 13 eserlekurekin (UCDk zortzi zinegotzi lortu zituen, eta UPNk, berriz, bost); bigarren indarra ezker abertzalea izan zen (HB), zazpi eserlekurekin. Haren atzetik, PSE-PSOE, bost zinegotzirekin; eta EAJri, azkenik, bi zinegotzi egokitu zitzaizkion. Aktore eta eserleku banaketa bertsua, 40 urteko aldearekin.

Urte hartan, PSOEko Julian Balduz izendatu zuten Iruñeko alkate, HBren eta EAJren botoekin, abertzaleen esanetan, «bi gaitzen artean txikiena» izanen zelakoan. Gaur egungoa, baina, ez da 1979koaren errepikapen hutsa. Alde ugari daude duela 40 urteko egoeraren eta gaur egungoaren artean.

Agerikoena: egungo PSN ez da trantsizio garaiko PSE. Ez izenean, ezta izanean ere. Gaur egun, Ferrazek «marra gorria» jarria dio ezker abertzaleari, eta ez du EH Bildurekin itunik sinatuko. Baldintza hori argi utzi die PSNko Udal Politikako arduradun Ramon Alzorrizek alderdiko hautetsi guztiei: abertzaleen botoak onartu bai, baina akordiorik sinatu gabe. «Ezkerreko udal aurrerakoiak nahi ditugu, eta, horretarako, ezkerrekoak eta aurrerakoiak diren indarrekin negoziatuko dugu. EH Bildu, guretzat, ez da aurrerakoia; abertzalea eta independentista da».

Iruñeko Udalean, baina, ez dago Alzorrizek azaldutako irizpidea beteko duen indarrik. Ezker estatalista hondoratu ostean, hiru blokek osatuko baitute Iruñeko udalbatza: Navarra Sumak, abertzaleek eta PSNk. Hortaz, eskuinari gobernatzen uztearen ardura EH Bilduri egotzi nahi izan badiote ere —«Asironek erabaki beharko du zer duen nahiago, Navarra Sumaren gobernu bat ala alkatetza PSNri eman»—, egiazki, sozialisten bizkar egonen da erabakiaren zama: marra gorriei eusten badiete, Maia izanen da alkate; bestela, behartuak egonen dira negoziatzera, mahaiaren azpian bada ere. Alde horretatik, Asironen hordagoak balio izan du PSN ispilu aurrean jarri eta pilota Sarasate pasealekuko egoitzaren teilaturaino botatzeko.

Txanponak badu ifrentzurik ere. EH Bilduk legealdi osoa eman du PSNren «erregimen zaharreko» izaera gogoratzen, eta hor kokatu du eztabaidaren esparrua: aldaketa ala erregimena. PSNrekin balizko akordio bat lortuta edo, are, hari alkatetza emanda, argudio hori ezerezean gelditu daiteke, eta ezker abertzaleari botoa eman dioten askok ez lukete begi onez ikusiko. Eskuina beste lau urtez oposiziora bidaltzeko aukeraren aurrean, baina, PSNren karta «bi gaitzen artean txikiena» izan daiteke, 1979an bezala; edo, gutxienez, sozialistak beren kontraesanen aurrean biluzik uzteko estrategia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.