Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Geure gaiak, geure ikuspuntutik

2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gorantz. EITBko irratietako zuzendariorde Urko Aristi pozik zen abenduan, CIESek etxeko irratiei eman dien urteko azken datu onengatik. Komunikatzaile titularrak egon gabe ere ordezko taldeekin goranzko joera erakutsi dela esanez, RE zeukan burutan Aristik, noski. Batetik, Más que palabras saioko ahots historikoa, Almudena Cacho, irailaz geroztik falta baita; eta Boulevard bestetik, Dani Alvarezek zenbait astetan huts egin baitzuen. Bada, gutxienez irakaspen bat atera genezake: ez da zertan mimetizatu Espainiako emisora handien eskema mentala, hots, irrati oso bat kazetari famatu batengan pertsonalizatzea eta arrakastaren giltzarria harekin identifikatzea.

Zer zen, zer den. Pertzepzioa aldrebestua eduki dezaket agian, baina Almudena Cacho mezzo-soprano baten antzera irudikatzen nuen irrati agertokian lehen, inguruan figuranteak zituela. Zuzendari baten premiarik ez duen orkestra sinkronizatu bat sentitzen dut orain MQP saioa, Begoña Yebra, Ander Iribar, Goizalde Landabaso eta gainerako esatariekin. Saioa «bertakoagoa» da, azkenaldian, horiekin. Gehiago erreparatzen die gertuko edozein eratako erreferentziei, kulturatik —literatura, musika...— hasita. Geure gai propioak eta geure ikuspuntutik landu nahi direla zioen Aristik, eta kontua hortik doala dirudi.

Disidentzia. Dani Alvarez ez zen izan zuzendaritzak irizpide horiek azaldu zituen barne-bileran, edo han izan bazen entzungorrarena egiten ari da geroztik. Euskal gaietan ez baizik eta Espainiako politikan aditua den Anton Losada fitxatu berri du tertulietarako; beraz, arrazoi bat gehiago dauka Boulevard-en euskal gaiak ez mahairatzeko. Bestalde, goizero (07:40) egiten den iritzi-hautaketaren tartean, «geure gaietatik eta geure ikuspuntutik» oso urrun diren zutabegileentzat beti dauka tokia. Euskaldunak, aldiz, oso tarteka baino ez ditu aipatzen; abendu osoan, esaterako, soilik txapelketa irabazi berria hizpide zuen Onintza Enbeitaren zutabe batekin gogoratu zen. Kontrara, iaz, bera falta izan zen asteetan, Mikel Saez edo Iñaki Larrañaga lankideek egunero heldu zioten euskarazko iritzi bat laburtzeari. Erakutsi ziguten, borondatea jarriz gero, aisa topa daitekeela munduari —eta ez bakarrik euskal munduari— begiratzen dion idatzizko gogoeta interesgarriren bat euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.