Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Langile hilak ez dira 'ziudadanoak'

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Politika espektakulua. Arreta handiagoa eskaini zaio Ciudadanos alderdiak Ugao-Miraballesen egin zuen mitinari istripuz hildako lau langileei baino, nonahi. Konstatazio bat da hori. Radio Euskadiko Boulevard-en, Carmen del Riegok, Antonio Losadak eta Iñaki Anasagastik osatu zuten osteguneko tertuliaren zati nagusiena, Dani Alvarez esatariak eguneko gertakizun «transzendentaletako» bat zela esan eta gero. Alderdi horrek Euskal Herrian ez dauka zinegotzi bat ere, baina debate politikoaren erdigunean kokatzea lortu zuen ekitaldia, REn zein gainerako hedabideetan. Politika-espektakuluak irabazi du, beste behin ere. Kazetaritzak egin beharko luke hausnarketa kritikoa.

Konplizeak. Kanpainari buruzko laburpenetan, zenbaitetan entzun dugu halako alderdik mitin jendetsua egin duela horrelako tokitan. Kontrara, ordea, behin ere ez zaigu adierazi halako alderdik egindako mitinean lau entzule bildu dituztela, eta horietatik bat alderdiko komunikazio arduraduna zela eta beste hirurak kazetariak. Eta ondotxo dakigu bigarren egoera horretatik asko izan dela egunotan. Telebistetan desertuaren erdian predikatzen ari zen hizlariaren irudi distiratsua bakarrik agertu zaigu, eta irratietan milaka entzuleen aurreko ahots sendoa. Aspaldi da kanpainetan kazetariak politikoen fartsa horren zerbitzura jarri zirela leialki. Honetaz gero, bolada luze baterako badugu bakea hauteskundeekin, eta ez legoke gaizki kazetaritzak egingo balu hausnarketa formatu zaharkitu eta faltsu horren inguruan.

Guztia. «Todo pasa por aquí» (dena hemendik pasatzen da) dio REk azkenaldian zirkulazioan jarri duen autopromoak. Hantustea bada inondik ere leloa, txiste merkea egiteko bidea jartzen diguna (hots, bilbotarra behar duela izan bere egile intelektuala). Zilegia da nork bere burua saltzeko merkatutekniak uzten dizkion teknika guztiak erabiltzea. Baina ez da batere erreala. Irratiak bere bitarteko tekniko eta humanoetan mugak dauzkalako, logikoki. Eta bestela ere albistez jositako gure mundu honetan hautaketa ideologikoa aplikatzen duelako, gainerako medioen antzera. Agudo batean etorriko zaizkigu gogora pertsonak, gertakizunak, ekimenak, ekitaldiak... Rivera eta Ciudadanos alderdiak baino aberasgarriagoak direnak euskal gizartearentzat, baina ez daukatenak «REtik pasatzeko» zoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.